Ramon Unanue, eskola herritar askorentzat

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 23a, 13:00

Larunbatean, ekainak 24, merezitako omenaldia jasoko du Ramon Unanue zenak. Zenbat eta zenbat herritar hezi ote zituen. Haietako bat baino gehiago, elite mailaraino heldu zen. Hamaika arrazoi dago larunbat honetan, ekainaren 24an Kaxkoan egingo zaion aitortza herritarra ospatzeko. Ramon oroitu eta eginiko ekarpena eskertuko da. Hitzordu honen bezperatan, Unanuek hezitako hainbat lekukotza bildu ditugu:

Kontxi eta Xabier Carbayeda

Larunbat honetan, ekainaren 24an, Ramon Unanue zenari aitortza herritarra egingo zaio Usurbilen. Ondo merezitakoa, horretarako hamaika arrazoi baitago. Tartean, bere eskolan hezi zituen herritar bat baino gehiago elite mailako kirolari izatera heldu zirela. Txirrindularitzan hor dago Haimar Zubeldia, profesional mailara igo berri den Xuban Errazkin. Guztiak Ramonen eskolatik paseak. Baita Carbayedatarrak ere. Xabier 1988ko Olinpiar Jokoetan parte hartzera heldu zen, arreba Kontxi Espainiako Selekzioarekin entrenatzera.

Ramonen gidaritzapean, prestaketa bide luzea jorratu eta ahalegin itzela egin ostean noski. 1980. hamarkadan hasi ziren anai arrebak Ramonekin entrenatzen, ondoko estekan irakur dezakezuen aldizkarirako azaldu digutenez:

704. NOAUA!, 2017ko ekainak 23

Kontxi Irureta

Emakumeak kirol munduan murgiltzen ere gogotik ahalegindu zen Ramon. Ramonek prestatu zituen herritar mordoaren artean, gimnasiako emakume taldea zegoen. Talde hartako kide Kontxi Iruretak oroitarazi digunez, Donostiara kirola egitera joaten zela izan zuen lagunen eskutik, Ramonen eskolaren berri. Hasieran gutxi batzuk omen ziren, gero ahoz ahokoak egin zuen gainerakoa eta azkenean emakume dezente bildu omen ziren gimnasia egitera. Gustura, pozik asko joaten zirela oroitzen du Kontxik, ondoko esteka honetako aldizkarirako eskaini digun elkarrizketan:

 703. NOAUA!, 2017ko ekainak 16

Pello Errasti

Ramon Unanuek utzi zezakeen eskolarik onena, berak hasitako lanari ikasle izan zituenek eman dioten segida dugu. Horren adibide mordoa topa ditzakegu; tartean, atletismo munduan ibilbide luze bezain oparoa jorratu duen Pello Errasti. Esteka honetan duzue bere lekukotza:

 703. NOAUA!, 2017ko ekainak 16