Jai giroan agurtu berri dute Udarregi Ikastolako ikasleek, 2016-17 denboraldia. Urteko oporraldi luzeenean murgildu aurretik, kantu eta bertso artean eman dituzte azken klase egun honetako orduak. Talde jendetsu batek frontoian eskaini du kantu emanaldia, Jaione Eskuderok bideraturiko saioan. Segidan, Atxegaldeko Mahaspildegi elkartean bildu dira, urtean zehar bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzen aritu den ikasle taldea. Hamaiketako ederra dastatu ostean, hilabeteotan irakasle izan duten Unai Muñoa eta Ane Labaka bertsotan aritu zaizkie ikasleei. Ikasleak adi eta gustura entzun dituzte bien koplak.