Ohorezkoa eta ofiziala izan zen aitortza herritarra egin zitzaion larunbatean 2013ko azaroan zendu zen Ramon Unanue Matxain usurbildarrari. Bi helburu zituen ekainaren 24ko omenaldi egunak; Ramon bera nor zen ezagutzera ematea eta merezitako aitortza egitea bere senideei.
Larunbat bazkalosteko hitzorduak, Mikel Laboa plazan, frontoian eta Dema plazan ospaturiko kirol jarduera hainbatekin abiatu zituzten; beteranoen arteko eskubaloi eta futbol partidak, pilota egokitua, txirrindularientzako ginkana, pisu jaurtiketa, giza proba... Omenaldi egunaren hasieran, antolatzaileek nabarmentzen zuten moduan, Ramonek bere bizitzan zehar landu zituen denetariko kirol jarduerak islatu nahi izan ziren. Jarduera guztiotan belaunaldi bat baino gehiagoko herritarrak hezi izan zituen hamarkada luzez.
Pisu jaurtiketa, ikusgarria
Gutxitan ikusi ahal dugun kirol jarduera batez gozatzeko aukera izan zen. Pisu jaurtiketaz ari gara. Ramon bere garaian Gipuzkoako txapelduna izan zen seitan, Euskadiko txapelduna bitan jarduera honetan. 15,05 metroko marka eskuratu zuen. Larunbatean Dema plazara Unanuek berak prestatutako Pello Errasti aginagarrak zuzentzen duen kirol taldekoek erakustaldi bikaina egin zuten. Ramonek jarria zuen marka, 15,05 metrokoa eta ikusgarri zegoena erakustaldian bertan, hausten ahalegindu ziren, laster Espainiako txapelketa jokatzera doazen junior mailako neska mutilek.
Iruditan oroituz
Ramon ez zen oso argazki zalea, baina antolatzaileek argazkiak uzteko eginiko deialdiak izandako erantzun onari esker, Unanueren bilduma ederra ikusgai izan zen aitortza herritarraren egunean bertan, Mikel Laboa plazan. Irudion bidez ere omendua nor zen eta eginiko lan itzela islatu zuten.
Ramon Unanue Matxainen aldeko aitortza herritarreko irudi bilduma osoa Argazkitegian duzue ikusgai.
https://youtu.be/ld-jqbHxnqM
https://youtu.be/Ymms-EEpuv4