Usurbildarren sortze lanen erakusleiho izango dugu kultur etxeko erakustaretoa beste behin, ate joka ditugun jaiotan. Zirriborro Tailerreko ikasleek landutako margolan eta eskulanak batetik, Labore taldekoen lanak bestetik, ikusgai izango dituzue aste osoan zehar Sutegin, ordutegi honetan: 11:00-13:00 / 18:00-20:00.
Usurbilgo zuhaitz ederrenaren bila
“Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”. Galdera hau marraztuz erantzun ahalko dute, Jai Batzordeak antolaturiko 15. Pintura Lehiaketan parte hartu ahalko duten 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoek. Haien guztien sormena sustatzen duen ekimena, oraingoan arratsaldez ospatuko da, ekainaren 29an 16:30etan frontoian. Marrazteko beharrezko materiala txapelketa gunean bertan banatuko da. “Hala ere, komeni da orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat ekartzea (karpetaren bat edo liburua…). Nahi izanez gero, pintatzeko materiala etxetik ekar daiteke”, ohartarazi dute antolatzaileek.
Sortze lan guztiak ikusgai jarriko dituzte gero pilotalekuan bertan eta amaieran sarituak izango diren 11 marrazki hautatuko ditu epaimahaiak. Irabazleek hain zuzen, pinturako materiala eta diploma bana eskuratuko dute, 18:00etan frontoian bertan ospatuko den sariketan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 2-4 urte artekoen artean sari bat banatuko dute, 5-13 urte artean urteko sari bana, eta 14-16 urte artean beste sari bat.
Pintura Lehiaketa amaitu ostean, biharamuneko, ekainaren 30eko Haurren Eguna abiatuko duen ume-gazteei harrera egiten dien ereserkia, abestia entseatuko da.