Eskertza zaparrada, Ramon Unanueren omenaldian

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 26a, 10:00

Ramon Unanue Matxainen omeneko ekainaren 24ko aitortza herritarrean, beste edozeren gainetik hitzen bat gailendu bazen, hori eskertza izan zen. Eskertza zaparrada jaso zuen Ramonek, bera ongi ezagutu zuten senide, lagun eta kirol talde hainbaten ahoetatik. Une hunkigarriak bizi izan ziren. Ramonek utzi duen ondarearen eta egin duen ekarpenaren tamainako hitz eta bizipenak inondik ere:

Idoia Etxeberria, harri jasotzailea

"Ohore bat da aitortza honen parte izatea. 4 urte zoragarri pasa nituen Ramonen ondoan, neure kirol ibilbideko lau urte oparoenak. Minik gabe, animu aldetik beti goian, beti laguntza bat ondoan. Hil zenez geroztik ez dut berdina sentitzen, hutsune handia dut. Urtebete egon nintzen erdi utzita. Geroztik pentsatzen nuen, ez zela hori berak nahiko zuen Idoia. Entrenatzen segi nuen, gaur egun lorpenak egiten segitzen dut, baina hutsune handia nabari dut neure barruan. Ramonekin egiteke gauza asko geratu ziren eta egin gabe geratuko dira. Ramonekin dena erraza zen, baina Ramon gabe ez dago egiterik. Eskerrik asko Ramon erakutsi zenidan guztiagatik, ez zaitut ahaztuko eta ahal dudan arte segiko dut zuk erakutsitakoarekin gozatzen. Eskerrik asko!".

Joxe Mari Azkonobieta, Usurbil K.E.

"Guretzat gizon langilea zen. Gugana etorri zenean, erakutsi zigun pertsonalki ere zer lan egiten zuen. Bera etorri zenean alde batetik bestera, ezer jakin gabe ibiltzen ginen. Berak gutako bakoitzari barrutik genuen guztia ateratzen zigun. Lanean oso gogorra zen, baina hala izan behar zuen. Ramon beti gogoan izango dugu. Bere familiari adierazi, harro egon litekeela izan zuen senar eta aitaz".

Iñigo Pagola, Usurbil F.T.:

"Egia esan gure taldea izango da harreman gutxien izan zuena Ramonekin. Baina halere, guretzat hemen egotea ezinbestekoa zen, zeren Ramonek egin duen lana handia izan da. Berak gu bezala gazteei kirola egiteko aukera eman zien. Kirolaren munduan lan asko egin duen gizona izan da, eta kirolariei erakutsi zizkien baloreak ezinbestekoak izan ziren, kirolaren garapen osasungarria aurrera eramateko. Lan asko egin duen gizona izan da, eta egia esan, berak utzi duen maila gainditzea oso zaila izango da. Gaur Usurbilen ikusi dugun kirolaren festa ederra izan da, Ramonek berak kirolarekin egindako lana bezain ederra. Agur goxo bat familiari. Jarrai dezagun hark hasitako bidearekin".

Enrike Huizi, Pagazpe:

"1987. urte hartan pilotari talde polit bat frontoian ibiltzen ginen Pako Alkortarekin entrenamenduetan. Ikusiko zuen gehitxo nekatzen ginela, eta han bidali zigun Kalezarrera Ramonekin. Sinestu iezadazue, gu bezalako pilotari taldea, korrika, saltoka eta ariketa fisikoak egiten jartzea bastanteko miraria zela, baina hark lortu zuen. Hor erakutsi zigun guri gizon honek zeukan entrenatzeko gaitasuna, indarra eta pasioa. Pilota elkartetik, ibili ginen urte horiengatik eskerrak eman besterik ez dugu Ramoni. Eskerrik asko!".

Kontxi Carbayeda, Buruntzazpi:

"Nik ere baditut hainbat gauza aipatzeko Ramonetaz. Batetik, kirola ikusteko zuen modua. Lana eta saiakerak hartzen zituen oinarritzat, gogotik sufritzea, atsedenak tarteko. Eguraldi ona izan ala euria, kazkabarra... Errepidean ez bazen "rodilloan", gimnasioan. Neska izan ala mutila, baina lana gogotik. Zenbat ordu pasa ote zituen gurekin eta zenbat gozatu ote genuen berarekin. Entrenamenduak, eztabaidak, orduak eta orduak, egunak joan eta egunak etorri. Urteak eta urteak. Emaitzak ere lortarazi zizkigun, txapeldun asko tartean. Berdin zitzaion aurreko puntan zebiltzanak, edo atzeraxeago ezinean. Bere erronka aurreko marka hobetzea zen. Eta hori barneratuarazten zigun ilusioz. Aipatu ere, guri eskaini zizkigun ordu guztiak familiari xahututakoak izan zirela, beraz gure eskertza bihotzez eta txalo bero bat zuentzako".

Ramonen lankideen izenean:

"Ramon ez zen kirolari soil bat izan, praktikan jarri edo irakatsi zituen alor ezberdinetan. Bere esku eta aholkuekin ere hainbat kirolari eta langile lagundu zituen. Ramon gizon biziki abertzalea izan zen, bizitzan aurrera eramandako proiektu guztiak ikuspegi abertzale eta gizatiar batetik izan zituen. Gaztetatik eta Savasan lan egin bazuen ere, injustizia eta abusuen aurrean altxatzen zen. Ramonek enpresa komite eta komisio ezberdinetan langileen ordezkari eta defendatzailea izan zen eta ia 25 urtez gainera. LAB sindikatuko militante ere izan zen eta, lana eta gogoki izan zuen sektore grafikoan. Bere lanarekin berak bezala pentsatzen genuen miresmena eta maitasuna irabazi zituen. Eta berak bezala pentsatzen ez zutenen errespetua eta onarpena. Gizon konprometitua, lagun izugarria eta lankide ona izan zen. Hain bihotz handia zuen, gorputza ere handia behar zuela. Gora Ramon!".

Kontxi Irureta, Ramonen gimnasiako ikasle ohia:

"Eskerrak Ramoni lortu genuela halako ariketak. Eskerrak hari. Milesker benetan!"

Pello Errasti, Ramonen ikasle ohia

"1984. urtean hasi nintzen berarekin Haur Eskola dagoen lokalean. Ramonek entrenatzaile bezala zituen emaitzak denok ezagutzen ditugu. Hainbeste ezagutzen ez dena da Ramonek argi zuen gauza bat. Berak nahi zuen Kalezarko lokal hura, kirolaren inguruan jendea elkartzeko izatea. Hara joaten ginen arratsaldero, denok han biltzen ginen. Lortu zuen ez bakarrik jendeak bere markak hobetzea, baizik eta gaur egun oraindik lagun talde handi bat osatzea".

Rafa Puignau, Atletico San Sebastian

"Nik kirolari bezala ezagutu nuen. 17 urterekin hasi zen Atletico San Sebastianen. Geroztik izugarrizko hartuemana izan genuen, beti galdezka zer egin eta zer ez. Bera bere saltsekin, hor ibiltzen zen. Oso eskertzekoa da omenaldi hau halako saltsero bati egitea, oso onuragarria denontzat".

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea

"Ohore handia da niretzat ekitaldi honetan parte hartzea. Eskerrak eman hasteko, antolaketa lanetan aritu zareten guztioi. Bene benetan egin beharreko omenaldia zen eta eskertzekoa da hartu duzuen lana eta ardura.

Usurbilgo Udalak onartua du adierazpen instituzional bat, non ohorezko aitortza egiten zaion Ramoni eta gorazarre berak egindako lanari. Adierazpen horretan esaten direnetatik bereziki azpimarratu nahi nuke, Ramonek kirola ulertzeko zuen modua. Ramonek lotu egiten zituen, elkar osatu, kirola, hizkuntza, kultura, herri ondarea, eta herri baloreak. Horregatik, Ramonek egindako lanak badu herri dimentsioa eta hori goratu nahi dut hemen. Ramonek bazekien zer herritan bizi zen eta herri horren baloreak jartzen zituen kirolarekin batera, bere helburuen artean. Ramonek bere txilborretik haratago begiratzen zuen, eta ilusioak, grinak, eta sentimendu kolektiboak bultzatzen zuen beretik zuen guztia ematera. Horregatik, Usurbil bizi, konprometitu eta elkarrekin lanean aritzen dakien Usurbil baten alde egin zuen behin eta berriz bere jarduera guztietan. Horregatik, Ramon Usurbilgo ondare humanoa da. Ramonek erakutsitako balioei eutsiz, zainduz, gaur egunean ere kirolaren alde kirola sustatzen lanean ari zareten guztioi, hortxe dugu Ramon eredu eta bidelagun".

Semeen hitzak

"Kaixo aita, gaur zugatik hemen bildu gara familia, lagun eta ezagunak. Zuretzat dira zure bi semeen hitz hauek:

Zu zara usurbildarra ta euskalduna

kirol munduan aski ezaguna

laguntza behar zutenen laguna

kanpotik gogorra ta barrutik biguna

bizitza honetan asko erakutsi diguna

eta bizi garen artean gurekin eramango deguna.

Eskerrik asko aita!"

Kerman Rekondoren bertsoa

Ongi etorri denori

senidetatik hasita

zure lanaren aitortzaz

Ramon degu gaurko zita

azken pisua ez da jaurti

gugan zaude itsatsita

gorputz prestakuntzarako

zu zinen gure botika

zenbat ikasi genduen

zure eskutan jarrita

herriko kirol taldeak

egin zenituen elika

ezindu banakakoak

luze luzea da lista

herriko seme alaben

askoren maixu ta aita