Erraustegiaren aurkako mozioa eta "Usurbil 0.0" programa, gaurko udal plenoko gai zerrendan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 27a, 12:40

Hirigintza eta ingurumen gaiak izango dira nagusiki, Usurbilgo Udalak astearte honetarako, ekainaren 27rako arratsaldeko 18:00etan deitua duen osoko ohiko bilkuran udal ordezkariek ahotan hartuko dituzten gaiak. Hirigintza arloan, Ugartondoko etxebizitzen zozketarako oinarriak onartzekoa da udalbatza saio horretan. Gogoan izan, etxebizitza hauetarako izen emateko aukera izango dela uztailean.

Ingurumen gaiei dagokienez, batetik, erraustegiaren aurkako mozio bat aurkeztu eta bozkatuko dute udal ordezkariek. Eta bestetik, etorkizunean Usurbilek hondakinen kudeaketa eredu propioa izateko Udala, herritar eta eragileekin batera urte hasieratik lantzen aritu den "Usurbil 0.0" prebentzio eta kudeaketarako programa ere onartzekoa da saio berean.

Izango da kontu gehiagorako tarterik ere. Honatx Usurbilgo Udalak, gaurko osoko ohiko bilkurari begira helarazi berri digun gai zerrenda bere osotasunean:

Usurbilgo Udalaren osoko ohiko bilkura

Eguna: ekainak 27, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Gai zerrenda:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena: * 2017/05/30eko bilkura.

2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2017ko maiatzaren 22tik ekainaren 16 (2017/0519-2017/0635).

3.- 2017-2019 Diru-laguntzen Plan Estrategia behin betikoz onartzea.

4.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-107 (Iartza) Eremuko H.E.U. 107.22 exekuzio unitateari dagokion Xehetasun-Azterketa behin betikoz onartzea.

5.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-5 (Olarriondo) Sektorean eta A-59 (Ugartondo) Eremuan eraikitzekoak ziren babes ofizialeko 168 etxebizitza, bere garaje eta trastelekuekin, esleitzeko jardunbidea bertan behera uztea.

6.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuko C eta D partzeletan eraikiko diren babes ofizialeko 46 etxebizitza, garaje eta trastelekuen esleipenerako oinarriak behin betikoz onartzea.

7.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuko A eta B partzeletan eraikiko diren 46 udal etxebizitza tasatu, garaje eta trastelekuen esleipenerako oinarriak behin betikoz onartzea.

8.- Usurbilgo Udalaren 2016 ekitaldiko Kontu Orokorra behin betirako onartzea.

9.- 2017ko Zerga Ordenantzaren aldaketa behin behingoz onartzea.

10.- Udalaren aurrekontuko kredituak aldatzeko espedientea onartzea, kreditu gehigarrien modalitatekoa.

11.- Koordinazio Soziosanitariorako protokoloa onartzea.

12.- Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa onartzea.

13.- Mozioa: Erraustegirik ez!

14.- Galdera-eskaerak.