Broma makabro onartezina da Zubieta Lantzenentzat, erraustegiko lanen eremuan iragarri diren leherketak

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 27a, 13:53

Aurreko astean zenbait zubietarrek, Construcciones Moyuaren jakinarazpen bat jaso zuten. Bertan, erraustegiko  lanen eremuon zenbait leherketa egingo direla iragartzen zen. "Lurrak mugitzen diren bitartean, lau leherketa egingo dira, nahitaezkoak diren baimen guztiekin", dio Moyuak zubietarrei helarazitako gutunak. Leherketak hilabete honetan bertan egunez egitekoak direla diote, aurrez Udalari jakinaraziko zaiola noiz izango diren. "Leherketak baino lehen, sirena batek joko du ohartarazteko. Soinu-presioaren eta bibrazioen kontrolak egingo dira. Done Jakue Bidea moztuko da", ohartarazi dute.

Gutun honen aurrean bere haserrea agertu du Zubieta Lantzenek. Construcciones Moyua enpresako arduradunari idatzi bat helarazi diote.  “Leherketa kontrolatu batzuen” oharra pasatzea, broma makabro bat iruditzen zaigu eta ez dizuegu onartzen", diote Zubieta Lantzenetik. Arduraz jokatzea eskatzen diote, "ez dugu onartuko zuen erraustegi injustu eta kutsatzailea". Honatx Zubieta Lantzenetik Moyua empresario helarazi dioten gutuna, bere osotasunean: 

ZUBIETA LANTZENEN ERANTZUNA

Kaixo Construcciones Moyuaren arduradun nagusi hori,

Zubietarron izenean idazten dizugu gutun hau. Herritar batzuk etxean jaso dugu zure enpresaren eta UTE Civil Zubietaren logoak dauzkan gutun bat, non abisatzen zaigun ondoko egunetan leherketak egiteko asmoa duzuela Gipuzkoako Erraustegia egin nahi duzuen eremuan, gure herri eta etxeen oso ondoan alegia. Gutunak izenburuan darama “Gipuzkoako Ingurumen Gunean (GIG) lanak aurrera doaz”, baina enpresako inoren sinadurarik ez dauka.

Construcciones Moyuaren arduradun nagusi zarenez, honakoa esan nahi dizugu:

Gipuzkoak ez du erraustegirik behar, osasunarentzako, ingurumenarentzako, ekonomiarentzako eta enpleguarentzako kaltegarria delako. Zubietan eta Usurbilen ez ezik, Gipuzkoan egunero ari gara erakusten hondakinak kudeatzeko modu hobea, garbiagoa, jasangarriagoa eta merkeagoa badela. Zuen enpresak hondakinen arazoari irtenbide kaltegarriagoa eskaintzeagatik kobratzea ez da bidezkoa, eta ez dugu onartzen ez Zubietako herritarrok, ezta gipuzkoarrek ere.

Amiantoarekin gertatu dena gertatzerik ez dugu nahi: haren kalteak 1906an demostratu, 2001 arte debekatu ez eta bitartean milaka eta milaka heriotza eragiten eta eragingo dituen kutsadurarekin enpresa batzuek negozioa egitea. Mediku eta zientzialariak etengabe ari dira argudiatzen errausketa kaltegarria dela osasunarentzako, jendearen artean heriotzak eta gaixotasunak ugaritzen dituela.

Zuek horren jakinaren gainean egon, erraustegia egiten jarraitu eta orain, inguruko herritarroi “leherketa kontrolatu batzuen” oharra pasatzea, broma makabro bat iruditzen zaigu eta ez dizuegu onartzen.

Gure erantzun hau Construcciones Moyuako gainerako nagusi, akziodun eta langileei jakinaraztea nahi dugu. Izan ere, erraustegi horren konplize zarete zuek guztiok, eta etorkizuneko eragin kaltegarrien erantzule izango zaretenez gero, behingoz arduraz joka dezazuela eskatzen dizuegu. Ez dugu onartuko zuen erraustegi injustu eta kutsatzailea. Zubieta bizirik!

ZUBIETA LANTZEN