Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo Udalek errekurtsoa jarri dute, erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 27a, 14:52

Hiru udalok salatzen dutenez, "ikusi dugu Eusko Jaularitzak prozedura guztiak ahaztuta, "automatikoki" eman duela Ingurumenaren Baimen Bateratua". 2016ko apirilaren 11n ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresari, erraustegia eraiki ahal izateko aipatu baimena ematea. Ebazpen horri errekurtsoa jarri zioten Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo Udalek, presaka, 11 lan- egunetan tramitatuta, legezko epea bete gabe onartu dela eta hainbat arau hautsi direla argudiatuta. 

"Jakin badakigu erraustegiaren proiektua batzuentzako zeinen garrantzitsua den. Edozein pauso emateko korrika eta presaka, ezkutuan eta modu ezegokietan egiten ikusi izan ditugu Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan EAJ eta PSEko erraustegizaleak. Baina oraingo honetan, Zubietako erraustegia egiteko bidea erraztu dietenak, beharrezko prozedura jarraitu gabe, Jaurlaritzako Ingurumen Sailekoak izan dira", salatu dute Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo Udalek.

Arau hausteak

Batetik, "Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena (IEA) iraungita zegoen, bi urteko epean obrak ez zirelako hasi. Baimen honen aldaketa egiteko prozedura bera ere urratu egin da". Iraungita zegoen baita 2010eko Ingurumen Baimen Bateratua ere, "ebazpenak berak ezartzen zituen epeak igarota zeudelako. 2016ko martxoaren 7ko ebazpena, zeinak IBBa luzatzen duen, baliogabea da, ez duelako justifikaziorik eta legez kontrakoa delako. IBBa iraungitzen denean, ezin da gehiago luzatu".

Duela urtebe emandako baimenaren ebazpena ongi justifikatu gabe dagoela diote hiru udalok. "Ez dago espedientean inon txostenik, proposatutako aldaketa ez dela funtsezkoa egiaztatzeko. Gainera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena (IEA) eta Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez ziren argitaratu. Hori gutxi balitz, bi baimen horiek ebazpen bakar batean eta organo berak onartu ditu, legea urratuz".

Gaineratzen dutenez, "URA agentziari txostena eskatu eta erantzuna jaso gabe eman da baimena, legezko epea bete gabe eta txostenik eskatu gabe".

"Ez gaude geldi"

Egoera salagarria dela irizten diote hiru udalok, "Eusko Jaurlaritzak prozedura guztiak urratu dituelako". Baita Europako zuzentaraua eta hortik eratorritako legedi eta plangintzen irizpideak ere. Erraustegiak  gipuzkoarren osasun, ingurumen eta ekonomiarentzako kalte handiak ekarriko dituela ohartarazita, "ezin dugu isilik geratu Ingurumen sailak egindako prozedura eta arau urratzeak ikusita. Gipuzkoarrok errespetua merezi dugu eta, beste behin ere, erraustegiaren proiektua nola edo hala egin nahi dutenei eta euren konplizeei esan behar diegu ez gaudela geldi eta gure herritarren eskubideak defendatzeko lanean jarraituko dugula".