Gazte Eguneko bazkaritarako txartelak Aitzagan salgai

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 27a, 10:46

12 eurotan eskura daitezke, Usurbilgo jaien baitan, ekainaren 30erako 14:00etan txosnetan antolatu duten Gazte Eguneko bazkaritarako txartelak. Bada txosna batzordetik helarazi duten beste ohar bat ere. Facebooken txoko propioa zabaldu dute. "Usurbilgo Txoznak"   izenarekin aurkituko dituzue sare sozial honetan.

Txosna batzordeak prest gazte egitaraua

Eskaintza zabala eta anitza prestatu du aurten ere Mikel Laboa plazan kokatuko den txosna guneko antolakuntzak. Hortxe duzue hitzordu guztien kartela. Laguntzarako deia egin dute. “Txosnetako txandak osatzeko lanekin ez gara hasi, baina bai eskertuko dugu usurbildarron laguntza txosnan txandak betetzeko”, adierazi diote txosna batzordeko kideek NOAUA!ri.

Bide batez, aurrera begira, herri nahiz auzoetako Jai Batzordeetan parte hartzera animatzen dituzte gazteak. Kasu bat baino gehiagotan, “ez dago erreleborik, eta gazte jendea behar dute. Gu ere Jai Batzordean sartu gara eta harrera ederra egin dute. Beldurrik gabe gerturatu. Festetan antolatzeko proposamenik duena ongi etorria izaten da. Ekarpenok eztabaidatu eta erabakitzen dira bertan”.

Jai Batzordean dagoen giro ona nabarmentzen dute, hainbat proposamenen sorgune ere badela, eta herritarren arteko hartuemanak estutzen laguntzen duela. “Adin desberdinekin elkartzen zara, harremanak handitzen dituzu”, azpimarratzen dute. Aurtengora itzuliz, argi utzi nahi dute beste behin; jaietan, “ez da onartuko eraso sexista, homofobo eta transfoborik”.

Menditik, oilasko biltzera

Sagardoz bustitako txistorra eta haragi egosiz hornituriko gosari ederrak abiaraziko du ekainaren 29an goizaldeko 06:00ak pasatxoan txosnetatik, oilasko biltzera irtengo direnen “erromesaldia”. Aldaketa nagusi bat txertatuko dute aurtengoan; antolatzaileen esanetan, errepidea alboratu eta nagusiki menditik osatuko dute ibilbidea. Gainera, garai bateko tradizioari heldu nahi diote berriz. Geldialdietan, oilaskoak biltzeko asmotan dira. Oilaskorik bilduko balute “afari bat egingo da horrekin” adierazi digute Txosna Batzordekoek. Kaxkora itzultzean, Mikel Laboa plazako jai gunean bazkaldu eta jolasak izango dituzte arratsaldean.

Erraustegiaren aurkako manifestazioa

Iaz deitu zuten lehen aldiz eta arrakastatsua suertatu zen. “Hain mobilizazio jendetsua izatea ez genuen espero. Aurten ia are jende gehiago animatzen den”, Txosna Batzordekoen esanetan. Erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu dute ekainaren 29rako. 19:00etan abiatuko da txosna gunetik. Herri erdiguneko kaleak zeharkatu ostean, segidan txupinazoa jaurtiko den udaletxe aurreko plazan amaituko da. Oraingoan, ziurrenik gainera, txaranga ere bidelagun izango dute manifestariek. “Erraustegiko obrak hasi direla adierazi dute, eta guk festetan, usurbildarrok erraustegirik ez dugula nahi aldarrikatuko dugu”, iragarri dute.

Bertsio gau berritua

Herriko musikariak abesti ezagunak jotzen ikusi izan ditugu urte luzez. “Usurbilgo musikariei ere oholtza gainera igotzeko aukera eman nahi genien”, adierazi dute Txosna Batzordetik. Hitzordu hau berreskuratzea erabaki du Txosna Batzordeak aurtengoan, hori bai, itxura berrituta. Musikari talde bakoitzak talde ezagun bat hautatu eta haren abestiak joko dituzte oraingoan.

Gazte Eguna

Belaunaldi ezberdinak biltzeko eguna izango da uztailen lehena. Jubilatuak, haurrak eta baita gazteak ere. Gazte bazkaria ospatuko da txosnetan. Sarrerak aurrez Aitzagan eskuratu ahalko dira. Iazko edizioaren ildotik, oraingoan ere otordura joatera animatzen diren koadrilak bereizgarriren bat eramateko deia egiten dute; kamisetak, txapelak…

Kontzertuak, frontoikoen ostean

Musika emanaldiak izango ditugu gauero jaietan. Kontzertu gehienak ekainaren 30ean eta uztailaren lehenean kontzentratuko dira egitarauan ikus dezakezuenez. Kontzertuak aldi berean bi guneetan ospatzea eragotzi da. Honenbestez, lehenbizi frontoian ospatuko dira kontzertuak; hilaren 30ean Laiotz, eta uztailaren lehenean The Icer Company eta Skasti.

Segidan, txosna guneko kontzertuek hartuko dute, parranda giroa bizirik eusteko lekukoa. Ekainaren 30ean, Egurra ta Kitto eta Eztengiro izango ditugu. Uztailaren lehenean, hasteko Tremenda Jauria, “Madrileko taldea. Reggetoi feminista eskainiko digute”. Iaz arrakastatsua suertatu zen, jendetza bildu zuten Las Tea Partyko kideek. “Berriz talde hau ekartzen saiatu gara, baina uda honetan ez omen dute birarik egingo”, adierazi dute txosna batzordetik. Gaua, Seymar Dj usurbildarrak borobilduko du. “Usurbilgo bi gazte dira. Usurbilgo Gazte Egunean jo zuten, Aginagan ere jotzeko asmoa dute. Kalezarren ere egongo dira”, azaldu dute Txosna Batzordeko kideek. Usurbildarrez ari garela, herriko beste bi taldeek, Rukulak eta Erokomerik emango diote amaiera aurtengo festei.

Auzo arteko “desapiyua”

Aurreko urteetako Elegante Eguna ordezkatuko duen ekimen berria dugu. “Auzo desberdinen arteko partaidetza sustatzeko Gazteraikitik ateratako iniziatiba da”, azaldu digute Txosna Batzordetik. Herrian zehar joko edo erronka ezberdinei aurre egin beharko diete auzoetako parte hartzaileek. Ez da hemen amaitzen ekimena. “Pentsatu dugu Usurbilgo auzoetan ere, auzo guztiak elkartu eta ekintzaren bat egitea”, hortxe aurrera begira duten erronka. Auzoen arteko elkarlana eta parte hartzea sustatu nahi dute hartara.

Gaupaseroentzako deialdia

“Urtez urte, geroz eta jende gehiagok parte hartzen du. Ia aurten kabitzen garen”, diote txosna batzordetik. Gaupaseroen argazkia aterako dute uztailaren 2an, goizeko 09:00etan Bordatxo aurreko errotondan. Aurretik, elektrotxarangak girotuko ditu, goizaldeko ordu txikiak.

Txapelketak, jaien amaieran

Jaiak amaiatzeko, uztailaren 2an, arratsaldez, hiru txapelketa; musa, gaztetxoentzako auntoke ekimen arrakaskatsua eta paella lehia. Koadrila bakoitzak paella bana egin beharko du. Arroza, sua, paellera eta gatza antolakuntzak jarriko du. Hortik aurrerako osagaiak, lehiakideen esku.