Haur eta gaztetxoei zuzenduriko ekitaldiak, jai egun gehiagotan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 28a, 08:04

Umeen Egunari aurten amaierako “k” hizkia erantsi beharko zaio. Haur eta gaztetxoei zuzenduriko festa egun bat ez, bi izango baitira datozen Usurbilgo festetan. Ekitaldi mordoa izaten da beti Umeen Egunean, eta aurten eskaintza egun bakarrean pilatu ordez, ekainaren 29 eta 30era zabaltzea erabaki dute. Puzgarriak, jolas parkea, ginkana, jolasak, apar festa, txokolate jana, txu txu trena, dantzaldia… Egitarau zabal askoa osatu dute hitzorduok antolatzen aritu eta egunotan lanean ariko den guraso taldeak. Honez gain, astebururako ere ekitaldi gehiago iragarri dira.

Usurbilgo zuhaitz ederrenaren bila

“Zein da zuretzat Usurbilgo zuhaitzik ederrena?”. Galdera hau marraztuz erantzun ahalko dute, Jai Batzordeak antolaturiko 15. Pintura Lehiaketan parte hartu ahalko duten 2-16 urte arteko haur eta gaztetxoek. Haien guztien sormena sustatzen duen ekimena, oraingoan arratsaldez ospatuko da, ekainaren 29an 16:30etan frontoian. Marrazteko beharrezko materiala txapelketa gunean bertan banatuko da. “Hala ere, komeni da orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat ekartzea (karpetaren bat edo liburua…). Nahi izanez gero, pintatzeko materiala etxetik ekar daiteke”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Sortze lan guztiak ikusgai jarriko dituzte gero pilotalekuan bertan eta amaieran sarituak izango diren 11 marrazki hautatuko ditu epaimahaiak. Irabazleek hain zuzen, pinturako materiala eta diploma bana eskuratuko dute, 18:00etan frontoian bertan ospatuko den sariketan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 2-4 urte artekoen artean sari bat banatuko dute, 5-13 urte artean urteko sari bana, eta 14-16 urte artean beste sari bat.

Pintura Lehiaketa amaitu ostean, biharamuneko, ekainaren 30eko Haurren Eguna abiatuko duen ume-gazteei harrera egiten dien ereserkia, abestia entseatuko da.

Sortze lanen erakusketa

Pintura Lehiaketako lanak, ikusgai jarriko dituzte gero Sutegin. Usurbildarren sortze lanen erakusleiho izango dugu kultur etxeko erakustaretoa beste behin. Zirriborro Tailerreko ikasleek landutako margolan eta eskulanak batetik, Labore taldekoen lanak bestetik.

HAUR ETA GAZTETXOEI ZUZENDURIKO HITZORDUAK JAIETAN

Ekainak 29, osteguna

10:00-13:30 Jolas Parkea frontoian (6 -12 urte bitartekoentzat).

12:00 Apar festa, Ikastola Gorriko plazan.

16:30 Haur eta gaztetxoentzako Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da).

18:00 Pintura lehiaketako sari-banaketa.

Ondoren, umeen eguneko abestiaren entsegua.

Txupinazoaren ostean, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Ekainak 30, ostirala

10:00 Ume-gazteei harrera. Zatoz, koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!

Egunean zehar, txu txu trena.

10:00-13:30 Jolas parkea frontoian (6 urte bitartekoentzat).

10:30-12:30 Ginkana (LH1etik LH4ra bitartean).

10:30-12:30 Gaztetxoentzat jolasak (LH5etik DBH2 bitartekoentzat).

12:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

13:30 Umeen lagunarteko bazkaria frontoian. (Norberak ekarrita)

15:30 Olatz Kortarekin dantza frontoian.

17:30 Txokolatea Askatasuna plazan.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Uztailak 1, larunbata

11:00 Haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik.

12:00 Buruhandiak dultzaineroekin.

16:30 Haur eta gazteentzako Santixabel Bola Txapelketa.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

Uztailak 2, igandea

11:00-14:00 Erraldoi eta buruhandien II. Topaketa: Añorga, Orereta, Zizurkil eta Usurbilgoak.

11:00 Ur bataioa Kiroldegian.

14:30 Konpartsen bazkaria Askatasuna plazan.

16:00etatik aurrera, erraldoi eta buruhandiak ikusgai Askatasuna plazan.

18:00 Gaztetxoentzako Auntoke txapelketa.