Jaietako larunbata, euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldi eguna

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 28a, 08:41

Euskal presoen eskubideen aldeko defentsak ez du jai egunik izango. Festen baitan egokituko den ekaineko azken ostiralean hileroko elkarretaratzerik egingo ez den arren, biharamunerako bi ekitaldietan parte hartzeko deia zabaldu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Uztailaren 1ean, 12:00etan Kantu Taldekoekin eta Kuxkuxtu txarangarekin euskal preso eta iheslarien aldeko kantu-jira ospatuko da. Ondoren kantu-zikiro janerako bilduko dira Askatasuna plazan. Eta arratsaldeko 20:00etan berriz, euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia Olanoeneko plazan, Potxoenea ondoko anfiteatro moduko plazatxoan. Pintxo-potearekin borobilduko dute hitzordua. Bereziki oroituko dira, nola ez, Valentziako Picassenteko espetxean segitzen dute Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta Xua haurtxoa. Deitzaileek ohartarazi dutenez, eguraldi txarra suertatzen bada, Askatasuna plazako aterpean egingo da ekitaldia.

Kantu Taldekoen opor aurreko azken hitzordua

Ekaineko kantu zaleen hitzordua ohi baino goizago heldu da oraingoan. Ate joka duten udako oporraldiari abesten eman nahi izan zioten ongi etorria Kantu Taldeak, ekainaren 17an Kaxkoan barrena ospatu zuen kantu-jiran. Afaritarako bildu ziren gero Patrin.

Ostiral hartako saioarekin hileroko kantu-jirei eta astearteroko entseguei amaiera eman zieten uda ostera arte. Baina oraindik kantu zaleentzako azken hitzordu bat bada; Usurbilgo jaietan hain zuzen, uztailaren 1ean, 12:00-14:00 artean. "Kuxkuxtu taldearekin egingo dugu kantu jira. Goizeko 11:00ak aldean Patri tabernan elkartzen gara eztarriak eta tripa pixka bat betetzeko. Han hamaiketakoa egiten dugu. Aurten Kale nagusitik kalejira egitea pentsatu dugu, Iturralde Botika aurreko iturri horretan kanta pare bat edo abestu, hortik Artzabal aldera jo, gero Kaxkora itzuli eta zikiro bazkariarekin bukaera ematea", berri eman dute Kantu Taldetik.

Kantu-jiraren hitzorduak:

Uztailak 1, larunbata

Usurbilgo jaien baitan:

11:00 Kantuzaleen hamaiketakoa Patrin.

12:00-14:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantu-jira Kuxkuxtu txarangarekin. Ibilbidea: Kale Nagusia, Iturralde Botika aurreko plazatxoa, Artzabal, Kaxkoa.

Ondoren, kantu-zikiro jana Askatasuna plazan. Txartelak 25 eurotan (15 eurotan ikasle eta langabetuentzat) Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan salgai. 

Irailak 12, asteartea

18:30-19:30 Udako oporraldi osteko, Kantu Taldekoen ikastaroko lehen saioa Udarregi Ikastolako kantu gelan. Hortik aurrera, asteartero bilduko dira ordu eta leku berean.

Antolatzailea: Kantu Taldea.