Amaia Agirre, Amets Arzallus, Etxahun Lekue eta Igor Elortza gaur, jaietako bertso saioan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 29a, 08:55

Amaia Agirre, Amets Arzallus, Etxahun Lekue eta Igor Elortza datoz ekainaren 29an 22:00etan frontoian ospatuko den jaietako bertso saiora emanaldira. Amaieran banatuko dituzte, Bertsopaper Lehiaketako sariak. Hitzorduok antolatzen ari da Jurgi Fuentes herritarra. Ikasturte berrirako taldetxo bat osatu nahi luke, eta Bertso Eskola berpiztu, lerrootan NOAUA!ri adierazi dionez. 

Larunbat gauez ospatu izan da urte luzez. Nolatan aldaketa hau?

Jurgi Fuentes: Egitarauan berez toki askorik ez zegoen. Ostegun gauean jartzea pentsatu dugu, batez ere mantendu nahi izan delako ordua, gaueko 22:00ak aldera izatea. Txupinazo eguna izanda, jendea oraindik formal antzera egongo da, hurrengo eguna gainera jai eguna da Usurbilen. Jendea hurbilduko dela uste dugu.

Ia bertan behera uztetik, bi Bertsopaper Txapelketa antolatzera nolatan eman duzue pausoa?

Festetako bertso saioa dela eta gerturatu nintzen Jai Batzordera. Jai Batzordeko kide batek komentatu zidan aurten ez zegoela inor Bertsopaper Txapelketa antolatzeko lana hartzeko prest, eta ia nik egingo nuen. Esperientzia badut antolakuntza lanetan, bertsopaperak epaitzen eta baiezkoa eman nuen. Hori jada martxan egonda, zerbait berezia egitea pentsatu nuen. Ikusi nuen nola Udarregi Ikastolako LH 5 eta 6 mailetan bertsolaritza ematen den eta beste herri batzuetan egiten den moduan, beraiei zuzendutako txapelketatxo bat antolatzea bururatu zitzaidan.

Bertsozaletasuna sustatu asmo dute txapelketok?

Zaletasuna sustatzeko izaten dira, ahozkotasunean trebatzen laguntzen du edota bertsolaritzan bidea egitera animatzeko ere baliagarria da. Une honetan, LH 5 eta 6 mailen ostean ez dago jarraipenik. Epe erdi luze batera ondo legoke DBH-n taldetxo bat sortzea. Datorren ikasturtean helduen talde bat sortzea da asmoa. Banabil aurretik ibilitakoekin hitz egiten eta hurrengo ikasturtean taldetxo bat martxan jartzeko badut esperantza.

Bota Punttuba bertso eskola berpizteko gogoz beraz?

Bai, hainbesteko tradizioa izan duenez herri honetan bai. Jendeak zaletasuna duela ikusten da, baina batu eta ekintzak egitea falta da.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan epaile

Bizkaian, bertsolaritza munduan murgildua egon zara denbora luzez.

Mungian jaioa naiz. Umeetatik ibili nintzen bertako bertso eskolan. Gero, autoko gidabaimena atera nuenean Larrabetzuko bertso eskolara joaten hasi nintzen, eta hala, nahiz eta plazan bertsotan ez egin, bertso eskola batean eta bertso munduan ibili izan naiz bai antolatzaile, gai jartzaile moduan ere bai. Epaile ere sartu nintzen 2010ean jada txapelketetan, Bizkaiko eta gaztetxoen txapelketetan batez ere. Urte eta erdiz Bizkaiko Bertsozale Elkartean aritu naiz lanean, Bizkaiko bertso eskolen eta aisialdiaren arduradun moduan.

Bertsolazaletasunak bizirik segitzen du?

Zaletasun handia dago eta kopuruetan ere ikusten da geroz eta talde gehiago dagoela. Batez ere aurreko urteetan hainbeste egon ez dena, bertsolariez gain, jada beste profil batzuk hasi dira garatzen; gai jartzaileak, epaileak, antolakuntzan aritzen direnak. Nahiz eta bertsotan ez egin, ekosistema horren parte dira.

Denetarik egin duzu bertsolaritza munduan. Zertan aritu zara erosoen?

Erosoen epaile moduan. Datorren ikasturtean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ospatuko da eta hor ere epaileen taldean nago.

Udazken mugitua datorkizu beraz. Zein izango da zure egitekoa txapelketa honetan?

Irailetik aurrera topera ibiliko gara. Orain trebatze fase batean gaude, bertan herrialde guztietako epaileak batzen gara. Arlo ezberdinetako informazioa jasotzen dugu eta gero ariketan ere trebatzen gara. Azterketa txikiak jartzen dizkigute noizean behin.

BERTSO ZALEEN HITZORDUA

Ekainak 29, osteguna

22:00 Bertsolariak frontoian: Amaia Agirre, Amets Arzallus, Etxahun Lekue eta Igor Elortza.

Jarraian, XLI. Santixabeletako bi bertsopaper lehiaketetako sari banaketa.