Azkenean bai, Haimar Zubeldiak Frantziako Tourrean parte hartuko du

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 28a, 10:19

15 alditan lehiatu ostean, abiatzear den 2017ko Frantziako Tourrean ez zuela parte hartuko zabaldu zen arren, azkenean bai, Haimar Zubeldia usurbildarra munduko txirrindulari onenekin lehian ikusiko dugu berriz uztailaren 1etik aurrera. Trek-Segafredo taldearekin irtengo da Tourrera, talde kide bat ordezkatzera. Hain zuzen, dopin kontrol batean positibo eman ostean, Andre Cardoso txirrindulari portugaldarra taldetik kanpo utzi dute, eta Zubeldia izango da bera ordezkatuko duena. Taldeko burua, Alberto Contador izango da. Usurbildarrarekin batera, John Degenkolb (ALE), Koen de Kort (HOL), Fabio Felline (ITA), Michal Gogl (AUT), Markel Irizar (EUS), Bauke Mollema (HOL), eta Jarlinson Pantano (COL) talde kideek parte hartuko dute, hastear den 2017ko Frantziako Tourrean.

Pirinioetan, uztailaren 13 eta 14an

Tourraren aurkezpen ekitaldia ostegunean izango da. Uztailaren lehenean abiatuko da Dusseldorfetik. Amaitu berriz, uztailaren 23an Parisen. Tartean 21 etapa osatu beharko dituzte partaideek. Gugandik gertuen, uztailaren 13 eta 14an ikusi ahalko dugu Zubeldia. Egun horietan igaroko baita txirrindulari itzulia Pirinioetatik. Hilaren 13an jokatuko den Pau eta Peyragudes lotuko dituen 214,5 kilometroko 12. etapan helduko dira txirrindulariak Pirinioetara. Uztailaren 14ko 101 kilometroko 13. etapa berriz, Saint-Gironsetik abiatu eta Foixen amaituko da. Bi egunotan 9 mendate igoko ditu tropelak: maila bereziko bat, 1. mailako bost, 2.eko bi eta 4.eko bat. Etapa guztiak zuzenean eskainiko ditu Euskal Telebistak.