Ingemarreko Usurbilgo plantako langileak Lugon (Galiza) dira egunotan. Asteazken goiz honetan, bertako epaitegi aurrean elkarretaratu dira "Ingemar ez itxi" aldarripean, langileek bertatik NOAUA!ri berri eman eta Lugotik helarazi dituzten irudiotan ikus daitekeen moduan. Gero Ingemarga lantegira joan dira. Langileek salatu dutenez, "Usurbildik joandako langileei ez diete utzi Guitirizko enpresan sartzen". Ingemarga enpresan alegia. Halere, bertako Langileen Batzordeko kideekin bildu ahal izan dira.
Gogoan izan, Ingemar Taldeko zuzendaritzak Usurbilgo plantako lan talde osoarentzat, hau da 72 langilerentzat kontratu amaierako EEE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) aurkeztu zuen ekainaren 2an Lugon bertan (Galiza).
Arbitrarioa dela salatu zuten langileek ekainaren 13an, Donostian egin zuten agerraldian. Baita diskriminatzailea ere, “egoera berdinean dauden taldeko beste lantegi batzuen aldean. Negozioaren bideragarritasunari, taldea osatzen duten pertsona juridikoei eta konkurtsoaren menpeko hartzekodunei on egin beharrean, kalte egiten die”. Negozio-bolumena murrizten du, eta honenbestez, enpresaren bideragarritasuna berma dezaketen emaitza onak kaltetu ere bai: “Gainera, gauzatzen ari diren aktiboen salmenten ondorioz ondarea ere urritzen da etorkizuneko negozioa aurrera eramateko aukerak gutxituz”.
Hartzekodunen lehiaketan
Gogoan izan, urte hasieratik hartzekodunen lehiaketan daude Usurbilgo lantegia, baita Ingemarga eta Corporacion Ingemar. “Langileen ordezkariok jendaurrean salatu nahi dugu Ingemar Taldeko Zuzendaritza Konkurtsoen Legeaz baliatzen dela legean jasotakoez beste xedeetarako. Hau da, hartzekodunak artatzeko itxura emateko, hitzarmen-eskaintza baten bidez; baina, aldi berean, negozioa murrizten dute itundutakoa beteezina bihurtu arte. Konkurtso Administratzaileak ez du horretaz ezer esan”. Administratzaile hau eta Taldeko Zuzendaritza elkar hartuta daudela uste dute langileek, “konkurtsoa lehenbailehen bukatzeko eta nork bere puska ederra hartzeko”.
Taldeko Zuzendaritzak aktiboez jabetu nahi omen du eta Usurbilgo lantegirako ez dute bideragarritasun-planik ez etorkizunerako bermerik aurreikusten. Langileek haien esku dagoen guztia egingo dutela iragarri zuten hilaren 13an, “mafia-kutsuko azpijoko hori argitzeko, eta nor bere lekuan jartzeko”. Lugora joateko asmoa agertu zuten, bertako langileen batzordearekin bildu edota mobilizatzera. Mobilizazioez ari garela, Donostiako Garibai kaleko Kutxabank atarian elkarretaratzeak egiten segi asmo dute langileek. Kutxabanki Ingemar itxi nahi ote duen argitzea eskatzen diote.
Irudiak: Ingemarreko langileak.