"Usurbil 0.0", hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa propioa onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 28a, 20:31

Astearteko osoko ohiko bilkuran gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak "Usurbil 0.0", udalerri honi begira, etorkizunerako azken urtebetean landu den hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa. "Ibilbide luze baten emaitza da", udalerri honek eremu honetan urte luzez egin duen ibilbide luze batean beste urrats bat, Udalak azpimarratzen duenez. 

Onarturiko programa, iazko uztailaren 26ko osoko bilkuratik hona landu da. Pleno hartan, etorkizunean Usurbilek hondakinen prebentzio eta kudeaketara eredu propio bat izateko azterketa batzorde bat eratzea erabaki zen. Ordutik, proposamen tekniko bat landu da. Nazioarteko adituen, udal teknikari eta ordezkari politikoen, edota herritar zein eragileen ekarpenez hornitu da egitasmoa. Programak besteak bestek, gaikako bilketaren bilakaera datuak eta hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren azterketa ekonomikoa jasotzen du.

2023. urtera arteko bide-orria ere zehazten du. Helburu nagusiok finkatu dira hurrengo sei urteotarako:

-2023. urterako Usurbilgo hiriko hondakinen sorrera %10 murriztea eta etxeetako errefusa kopurua 50 kilo biztanleko eta urteko baino urriagoa izatea, erreferentzia urtea 2015a izanik.

-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea (700 tona biohondakin inguru).

-2020 urterako Hiri Hondakinen %90a gaika biltzea, horien kalitatea murriztu gabe. 

-2023an zabortegian isurtzen diren hondakinak gehienez ere %5 material biodegradagarri izatea.

-2023an hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.

Hurrengo sei urteoi begira udalbatzak atzo onartu zuenez gainera, "programako kronograman zehaztutakoaren arabera, urte bakoitzeko aurrekontuetan jasotako egitasmoak burutzeko beharrezko diru erreserbak egiteko konpromisoa" hartu zuen. 

San Markoren erantzuna jasotzeko 15 egun

"Usurbil 0.0" programa garatzeko azterketan sakondu eta informazio osoa izateko, hiru galdera luzatu zizkion Usurbilgo Udalak joan den martxoaren 29an udalerri hau kide duen San Marko Mankomunitateari. Batetik Udalak "bikain jaso eta emandako gaiak", horien trazabilitatea ziurtatu, eta era egokian prozesatzeko konpromezua hartu eta tratamendu bereiztu hori emateko prest egongo ote den Mankomunitatea. 

Hala ez balitz, eta Usurbilgo udalerria San Markoko kide izaten segita, "Usurbilek tratamendu horiek bere gain hartu eta horretarako berea duen eskumena baliatuz hondakinak era egokian tratatu ahal izateko jarraitu beharreko prozedura" zein izango litzatekeen.

Eta azkenik, "tratamenduan aipatu bikaintasuna Mankomunitateko kide gisa lortzerik ez balu, zein izango litzatekeen San Markoko kide izateari uzteko jarraitu beharreko prozedura, eta hala badagokio, egin beharreko likidazioan Usurbili suertatuko litzaiokeen kopurua".

Galderok duela hiru hilabete helarazi zizkion Usurbilgo Udalak San Marko Mankomunitateari. Ordutik, Mankomunitatekoekin gehiagotan bildu izan dira udal ordezkariak. Baina Udalak gaurkoz, "ez du galdetutakoaren erantzunik jaso". Horregatik, epe muga bat jarri beharrean aurkitu da Udala. 15 eguneko tartea ematen diote Mankomunitateari erantzuteko. Hala onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz atzoko osoko bilkuran.

Udalbatzak atzo hartutako erabakion berri, San Marko Mankomunitateari, Gipuzkoa Zero Zabor elkarteari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari helaraziko die.

Alkatea: "Oso mingarria da herri mailan duzuen jarrera"

"Usurbil 0.0" programa eta San Marko Mankomunitateari luzaturiko galderak erantzuteko 15 eguneko tartea emateko proposamena EHBilduk babestu zuen atzoko osoko bilkuran. EAJ aurka agertu eta PSE abstenitu zen. EAJ-tik adierazi zutenez, ez zituzten egokitzat ikusten hondakinen kudeaketan aldaketarik egitea ezta Mankomunitateari luzaturiko eskaerak ere. PSE-tik San Marko Mankomunitatearen erantzunari itxarotea eskatzen zioten.

Adierazpenon aurrean, udal gobernu taldetik, Xabier Arregi alkateak EAJ-ri zuzenduta zioen, EAJ-k bestelako jarrerak erakutsi izan dituela beste udalerri batzuetan. Usurbilgo EAJ-k aldiz alderdi bereko ildo ofizialrekin bat etorri izanagatik, "herri mailan duzuen jarrera oso mingarria da" adierazi zien. PSE-k Mankomunitateko erantzunaren zain egoteko eginiko eskaerari buruz alkateak zioen, San Markotik "hitz politak" jaso dituztela, baina konpromisorik ez. Eta ondorioz, erantzunaren zain hiru hilabete igarota, Mankomunitateari epe muga bat jartzeko beharra aldarrikatu zuen.

EHBilduren nahia gai honetan herri gisa erantzutea dela ere azpimarratu zuen alkateak. 

Udalbatza aretora bertaraturiko herritar batek ere hitza hartu nahi izan zuen. Mankomunitateak, kide dituen udalen zerbitzura egon behar lukeela adierazi zuen. Usurbilen kasuan, 2009an atez ateko bilketa abiatu zuenetik "zer zerbitzu eman digu?" galdetzen zuen. Hondakinen kudeaketan ondo egiten ari direnak, erraustegia auzitan jartzen ari direla gogoraraztearekin batera, EAJ-ri beti aitzakietan ibiltzea egotzi zien, "herri honen aurka" egotea.