Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa gaurtik, kalejiraz kalejira jaietan

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 29a, 08:40

Zenbat eta zenbat haur eta gaztetxo jartzen dituzten lasterka bizian kalean gora eta behera, Usurbilgo Lauburu Konpartsako buruhandi eta erraldoiek. Jaiotan egunero ikusiko ditugu herrian zehar desfilatzen. Haurren Egunean bitan irtengo dira gainera, eguerdi eta arratsalde partean, osatu duten bolondres talderi esker.

Oraingoan, buruhandiak janzteko Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsatik karetak janzteko eginiko deialdiak arrakasta izan du. Bilgunetik adierazi digutenez, “apirilerako izen emate zerrendak itxita zeuden. Eta denek zekiten nor noiz irtengo zen”, pentsa.

4 konpartsen topaketa

Ohiko jaietako kalejirez gain, iaz estreinakoz antolatu zuten Erraldoi eta Buruhandien bigarren Topaketa ospatuko dute uztailaren 2an, 11:00etatik aurrera. Usurbilgoez gain, Zizurkil, Añorga eta Errenteriako konpartsak datoz udalerri honetara. Lehenengo edizioan goiz eta arratsaldez irten baziren ere, aurtengoan irteera bakarra goizez egin eta goizeko saio hau luzatzea erabaki dute. Haur eta gaztetxoen gozamenerako, “buelta luzea izango da” iragarri dute. Itzulia, Askatasuna plazan ospatuko duten bazkariarekin borobilduko dute. Otorduan bildutakoak konpartsa guztiotako buruhandi eta erraldoiez inguratuak egongo dira. Arratsalde partean, bertaratzen zareten guztiontzat ikusgai jarriko dituzte erraldoi eta buruhandi guztiok.

Elkartrukea

Erraldoi eta buruhandien topaketa hau elkartruke moduan planteatzen dute. Usurbila bisitan datozen konpartsen herrietara joango dira gero usurbildarrak. Irteeren agenda ia guztiz lotua dute. Lauburu Konpartsatik NOAUA!ri aditzera eman diotenez, usurbildarrak Añorgako jaietan izango dira uztailaren 23an, Errenteriakoetan uztailaren 25ean eta Zizurkilgo hitzordua lotzeke dute oraindik. Elkartrukeotatik kanpo, Oiartzungo festetan ere parte hartuko dute. Irteerok “saltsa polita sortzen dute konpartsan”, adierazi digute.

Janzkera berritzera

Gainerako herriko talde eta elkarteek bezala, Usurbilgo Udaletik jaso ohi duten diru-laguntza iaz buruhandi guztiak berritzeko baliatu bazuten, aurten buruhandion jantzi berriak erostera bideratu nahi luke Usurbilgo Lauburu Konpartsak. Guztira 6 buruhandi eta lau erraldoi dituzte gaur egun.

USURBILGO ERRALDOI ETA BURUHANDIEN KONPARTSAREKIN HITZORDUAK JAIOTAN

Ekainak 29, osteguna

Txupinazo ostean, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Ekainak 30, ostirala

12:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.

Uztailak 1, larunbata

12:00 Buruhandiak dultzaineroekin.

18:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.

Uztailak 2, igandea

11:00-14:00 Erraldoi eta buruhandien II. Topaketa: Añorga, Orereta, Zizurkil eta Usurbilgoak.

14:30 Konpartsen bazkaria Askatasuna plazan.

16:00etatik aurrera, erraldoi eta buruhandiak ikusgai Askatasuna plazan.