Usurbilgo Udaleko balkoian datozen jaiotan zehar "Herritarron borondatea errespetatu, Erraustegirik ez!" lelodun pankarta jartzea onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran. EHBilduk aurkeztu zuen mozioaren bidez hartu zuten erabaki hau hain zuzen. Testu honen bidez, "herri hau erraustegiaren aurka dagoela modu argian agerrarazi nahi dugu".
Mozioak erraustegia eredugarri den udalerri honen aurkako zigor gisa definitzen du. "Usurbil herri eredugarria da, konpromiso zibikoan eta bilketa selektiboko tasetan. Erraustegia kilometro batetara eraikitzea, zigor krudel gisara ulertzen dugu".
Horregatik, urte luzez Usurbilgo herriak sarritan adierazi izan zuen iritziaren isla argia izango da txupinazo ekitalditik hasi eta jaiak amaitu arte udaletxeko balkoian zintzilik egongo den erraustegiaren aurkako pankarta.
EAJri eta PSEri: "Erraustegiaren ondorioz gaixotasunak zabaltzen hasten direnean, herri honen aurrean zuek izango zarete arduradunak"
Mozioa bera onartu eta erraustegiaren aldarria usurbildarrona den etxeko balkoian zintzilikatzea ez zuen begi onez ikusi oposizioak. EHBilduk babestu zuen testuaren aurka agertu zen EAJ eta PSE-ko udal ordezkaria abstenitu zen. Fermin Orueri ez zitzaion logikoa iruditzen, erabaki hau. Gobernu taldetik erantzun zutenez, "zoritxarrez gaiak hor dirauen artean", gai honi lotutako erabakiak hartzen segi beharrean aurkituko zirela erantzun zuen Xabier Arregi alkateak. Mozioa udalbatzak bere osotasunean onartu asmoz aurkeztu zutela ere gaineratu zuen, gai honetan zentzua nagusitu eta erraustegia bertan behera geratzeko desioa agertzearekin batera.
Udalbatza aretora gerturaturiko zenbait herritarren artean haserrea eragin zuen oposizioko udal taldeon jarrerak. Herritar batek, "hemen ari zarete isilik irensten goitik esandakoa" aurpegiratu zien. Amiantoarekin gertaturikoa oroitarazi zien, baita erraustegiak sortu eta areagotu ditzakeen gaixotasunak ere. Mundu mailako zientzialari eta medikuek argitara emandako azterlanetan egiaztatu ahal izan dute, lotura argia dagoela erraustegia eta gaixotasunen areagotzeen artean. "Zuen jarrera ulergaitza da", zioen beste herritar batek EAJ eta PSE-ko udal ordezkariei. Garai batean Gipuzkoako PSOE-ko ordezkariek bezala, Madrileko PSOEren idazkari nagusia edota alderdi bereko beste hainbat ordezkari garrantzitsu, erraustegiaren aurka mobilizatzen ari diren honetan, "zer gertatatu da jarrera aldatzeko?" galdetzen zien.
Oposizioko udal taldeoi begira, argi adierazi zien; erraustegia martxan jartzen bada, eta ondorioz, gaixotasunak hedatzen hasten direnean, "herri honen aurrean, zuek izango zarete arduradunak" aurpegiratu zien.
Erraustegiak herritarren osasuna arriskuan jar dezakeela ohartarazita ere, oposiozioko udal taldeak, EAJ eta PSE, beste behin isilik, astearteko osoko ohiko bilkuran.