Herriko ostalari eta merkatariak biltzen dituen Hurbilago Elkarteak izango du jaiak abiatzeko ohorea aurten. Ohi baino ordu erdi beranduago ordea. Azken urteotan behintzat, arratsaldeko 19:00etan jaurti izan da Usurbil lau egunez festen zurrunbiloan murgilarazten duen suziria. Aurtengoan ordea, ekainaren 29an 19:30etarako finkatu dute hitzordua. Ez baita ahaztu behar, merkatari eta ostalariek euren eguneroko jardunaren erdian harrapatuko dute ekitaldia. Guztien beharrak kontuan izanda egokitu dute ekitaldia.
Hurbilago Elkartea txupinazoa nork jaurti, Jai Batzordetik bideraturiko lehiaketak bideratu du. 60 bat ekarpen bildu dituzte aurtengoan. Nabarmentzekoa beraz, ekimen honek herritarren artean sustatzen duen parte hartzea.
Usurbilgo ereserkiari ohore
Azken urteon ildotik, Usurbilgo jaien hasiera Orbeldi Dantza Taldekoen ikasturte amaierarekin egokituko da. Festetan hiru hitzorduetan ikusiko ditugu dantza giroan. Baina haien egun handia, txupinazoa jaurtiko den ekainaren 29a izango da.
Iaz, festen hasiera ekitaldian Usurbilgo ereserkia txertatu eta bultzada eman asmoz, espresuki sortutako dantza plazaratu zute lehen aldiz. “Badirudi jendeari gustatu zitzaiola eta mantentzeko asmoa dugu”, adierazi dio dantza taldeak aldizkari honi.
Aurtengoan ordea, aldaketatxo bat txertatzekoak dira. Arraiketai txarangakoek jarriko diote musika ereserkiari eta usurbildarrak dantzan ariko dira. Txupinazo ekitaldiaren baitan guztia. “Helburua herriak herriko ereserkia abestea da. Guk gehigarri bat eskaintzen diogu dantzarekin, ekitaldiari”, gaineratu dute Orbelditik.
https://youtu.be/VuPbb2vx2kY
Ereserkia dantzatu eta frontoira
Ereserkia dantzatu ostean, Arraiketai txarangakoak, festak ofizialki abiatu eta segidan emanaldia eskainiko duten frontoiraino bidelagun izango dituzte dantzariek. Dantza tradizionalak izango dira bereziki eskainiko dituztenak. “Euskal Herriko lurralde ezberdinetako dantzak ikusiko dira. Adin ezberdinetako jendea ikusiko dugu dantzan. Txikienak 5 urte izango ditu, eta zaharrenak 70 urteren bueltan”, iragarri dute. Iaz, ordura arte urte luzez igande eguerdietan eskaini ohi zuten jaietako emanaldia txupinazo egunera aurreratzea erabaki zuten. Ideiak publikoan harrera bikaina izan zuen, eta talde barruan ere aldaketa hoberako izan zela nabaritu zuten. Ereserkiaren dantza eta frontoiko emanaldia egun berean eta segidan ospatzea erosoago zaie, jada egoki jantzita eta prest daudela baliatzen baitute bi hitzorduok egun berean ospatzeko.
Baina horretaz haratago, jaien hasiera eguna ikasturte amaieran Dantza Eguneko helduen taldeak biltzeko egunean bihurtu da baita. Aurten ere ekainaren 29ko ekitaldion ostean afaritarako bilduko dira. Haiek bezala guztiok jaiak dantza batean ospatzera animatzen gaituzte, izango da eta horretararako aitzakia bat baino gehiago. Eta giro alaian amaitzeko, jaiotan zaindari lanak egingo dituen maskota ardatz hartuta, dantza ikuskizuna prestatzen dabiltza jada.
Usurbilgoen aurretik, asteburuan Kalezarreko festetan ikusiko ditugu eta abuztuan Urdaiagako Xanixtebanetan.
Usurbilgo ereserkia
Honatx Usurbilgo jaien hasieran abestuko den ereserkiaren letra:
Usurbil´ko kale nagusian
Txamunto´ko zapaterian
daukagu guk txoko bat maitea
euskal billera garbia.
Han egiten dira modu onian
konpondu gauza guztiak
tontuan ere arkitzen dira
pozez beterik gure artean.
Usurbiltarrak daukate
sagardua alkate (bis)
Irrintziz pozturik, bildurrak azturik
ibiltzen dira goiz arte (bis)
Sagardotxo maitea
erari pare gabea
argitu zazu mundua
arinduaz burua (bis).
JAIEN HASIERA
Ekainak 29, osteguna
19:00 Erraustegiaren aurkako manifestazioa txosnetatik.
19:30 Txupinazoa eta Ikurrinaren igoera Udaletxetik, Hurbilagoren eskutik.
Ondoren, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.
Arraiketai txaranga.
Jarraian, herriko dantzarien emanaldia frontoian.