Oilasko biltzaileekin batera, haur eta gaztetxoak festa giro betean murgilduak ditugu jada. Antolatzaileek iragarri moduan, haiei zuzenduriko jai egun bat baino gehiago izango ditugu aurten. Puzgarriez gozatzeko aukera izan dute ostegun goiz honetan. Haientzako festa abiatu baino ez da egin. Bihar, ekainak 30, haur eta gaztetxoen egun handia ospatuko baita!
Umeen Egunari aurten amaierako “k” hizkia erantsi beharko zaio. Haur eta gaztetxoei zuzenduriko festa egun bat ez, bi izango baitira festa hauetan. Ekitaldi mordoa izaten da beti Umeen Egunean, eta aurten eskaintza egun bakarrean pilatu ordez, ekainaren 29 eta 30era zabaltzea erabaki dute antolatzaileek. Puzgarriak, jolas parkea, ginkana, jolasak, apar festa, txokolate jana, txu txu trena, dantzaldia… Egitarau zabal askoa osatu dute hitzorduok antolatzen aritu eta egunotan lanean ariko den guraso taldeak. Honez gain, astebururako ere ekitaldi gehiago iragarri dira.
Ginkanarako oharrak
Adi; LH 1-4 mailetako ikasleei zuzenduta ostiral honetarako, ekainaren 30erako, 10:00etan antolatu den ginkanan parte hartu asmo dutenentzako ohar hauei. Haurrek koloreotako kamiseta bat jantzita bertaratzeko deia egin da:
LH1eko ikasleak: gorria.
LH2ko ikasleak: urdina.
LH3ko ikasleak: txuria.
LH4ko ikasleak: laranja.
Umeen Eguneko ginkanari lotutako beste pare bat ohar. Batetik, "Udarregi ikastolara joaten ez diren haurrek egunean bertan eman dezakete izena. Bere mailari dagokion kolorea duen kamiseta batekin hurbildu 09:45erako eta frontoi inguruan jarriko den kontrol gunean izena ematearekin batera, talde bat egokituko zaio." Eta nabarmendu dutenez, "antolatzaileak ez dira Ginkanan parte hartzen duten haurren zaintzaz kargu egingo".
HAUR ETA GAZTETXOEI ZUZENDURIKO HITZORDUAK JAIETAN
Ekainak 29, osteguna
16:30 Haur eta gaztetxoentzako Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da).
18:00 Pintura lehiaketako sari-banaketa.
Ondoren, umeen eguneko abestiaren entsegua.
Txupinazoaren ostean, buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.
Ekainak 30, ostirala
10:00 Ume-gazteei harrera. Zatoz, koadrodun zapi urdina jantzita duzula, haurren eguneko abestia dantzatzera!
Egunean zehar, txu txu trena.
10:00-13:30 Jolas parkea frontoian (6 urte bitartekoentzat).
10:30-12:30 Ginkana (LH1etik LH4ra bitartean).
10:30-12:30 Gaztetxoentzat jolasak (LH5etik DBH2 bitartekoentzat).
12:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.
13:30 Umeen lagunarteko bazkaria frontoian. (Norberak ekarrita)
15:30 Olatz Kortarekin dantza frontoian.
17:30 Txokolatea Askatasuna plazan.
18:00 Buruhandi eta erraldoiak txistulariekin.
Uztailak 1, larunbata
11:00 Haurrentzako BTT bizikleta irteera Mikel Laboa plazatik.
12:00 Buruhandiak dultzaineroekin.
16:30 Haur eta gazteentzako Santixabel Bola Txapelketa.
18:00 Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.
Uztailak 2, igandea
11:00-14:00 Erraldoi eta buruhandien II. Topaketa: Añorga, Orereta, Zizurkil eta Usurbilgoak.
11:00 Ur bataioa Kiroldegian.
14:30 Konpartsen bazkaria Askatasuna plazan.
16:00etatik aurrera, erraldoi eta buruhandiak ikusgai Askatasuna plazan.
18:00 Gaztetxoentzako Auntoke txapelketa.