Inoiz baino aldarrikatzaile eta solidarioagoa, Hurbilago Elkarteak jaurti duen txupinazoa

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 29a, 21:58

Orain bai, txupinazoa jaurtita, festa giro betean da ofizialki Usurbil! Jaien hasiera ekitaldia, inoiz baino aldarrikatzaile eta solidarioagoa bizi izan dugu aurtengoan. Erraustegiaren eta eraso sexisten aurkako aldarriei tartea egin zaie, udaletxe aurreko plazan ospatu den ekitaldian. Ingemarreko langileak eta herritik urrun preso daudenak ere gogoan izan dira.

Aldarri anitzen plaza

Txupinazoaren aurretik egin den erraustegiaren aurkako manifestazioa udaletxe aurreko plazan amaitu da. Aldarri hau jasotzen duen pankarta erraldoi bat ere eseki dute udaletxeko balkoian. Pankartako mezuari erreferentzia eginez hasi du bere mintzaldia alkate Xabier Arregik. Adierazi duenez, "herritarron borondatea aintzat hartzea eskatzen dugu. Ez dugu erraustegirik nahi! Ez dugu erraustegirik behar! Eta entzun dadila ozen gure deiadarra, ez, ez, ez erraustegirik ez!". Plazan bildu den jendetza oihuka hasi da.

Usurbilgo Udaletik, elkartasuna adierazi zaie baita, egoera benetan zaila bizitzen aritu eta "borrokan ari diren Ingemarreko langileei eta beren familiei". Txalo zaparrada jaso dute. "Ingemar ez itxi!" aldarriak plaza hartu du.

Herritik urrun, espetxean dituzten Olatz, Patxi eta Xuari ere elkartasuna adierazi zaie txupinazoan. Haiek eta  "beste guztiak libre nahi zaituztegu gure artean. Presoak etxera!" aldarrikatu du Usurbilgo alkateak. Aldarri harekin bat egin dute bertaraturikoek ere.

Eta amaitzeko, festak "Beldur barik" gozatzeko gonbita luzatu dute Usurbilgo Udaletik. "Aprobetxa ditzagun egun hauek festarako, eta alaitasuna eta umorea nagusitu dadila egun hauetan. Ez diezagutela behintzat irribarrea lapurtu eta erakutsi dezagun ze bizi indarra dugun usurbildarrok. Aprobetxa ditzagun festak benetan gozatzeko euskaraz, errespetuz eta beldur barik! Jai parekideak nahi ditugu! Gozo gozatuz eta inolako eraso sexistarik gabe!", aldarrikatu du alkateak.

Hurbilago Elkartea

Txupinazoa jaurtitzeko ohorea izan duen Hurbilago Elkartea egiten ari den lana ere goraipatu eta zoriondu du Udalak. "Dendarik gabeko herria herri hila izaten da", zioen Xabier Arregik. Arrisku horri aurre egiten, "Usurbilgo bizitza soziala josten, indartzen eta horri herriari begirako proiekzioa ematen" Hurbilagok lan itzela egiten duela azpimarratu du alkateak. Aurrera egiteko, elkarren, herritar zein dendarien, beharra dagoela aldarrikatu du. 

Usurbilgo dendari eta ostalarien izenean, Hurbilago Elkarteko lehendakari Igor Gorritik hartu du hitza segidan. Jaien hasiera ekitaldian parte hartzea, "sorpresa izan da eta ohorea" zioen. "Eskerrak aukera emateagatik", gaineratu du. Eta eskerrak eman dituzte baita, "herrian, auzoan bertan erosketak egitea erabakitzen duzuen guztioi!".  Elkarren beharra dugula nabarmendu dute. "Zuek eta guk lortzen dugu elkarrekin, herri bizi bat izatea!", gogorarazi du Gorritik, festez gozatzeko desioa plazaratu eta "ezetz ezetz da!" gogoraraztearekin batera.

Hurbilago Elkarteak piztu eta leherrarazi du jai giroa. Orbeldi Dantza Taldekoek hartu dute lekukoa segidan. Arraiketai txarangakoen erritmora dantzatu dute Usurbilgo ereserkia, hainbat herritarrek abestu duten artean. Udaletxeko balkoitik jaurtitako globo festa koloretsuak borobildu du festen hasiera ekitaldia.