Erraustegirako gasa sartzeko lanak abiatzera doaz

Noaua Aldizkaria 2017ko eka. 30a, 22:43

Atzerapenik ez bada, urrats berri bat ematera doaz Zubietako erraustegia, espetxea eta industriagunea eraikitzeko lanetan, datorren astelehenean, uztailaren 3an. Eremu honetara gasa eramateko lanak hasiko ditu Naturgas enpresak. Lanok bi hilabetez gutxienik, Santuenea Zubietarekin lotzen duen herri bide zatiari eragingo diote. Lanak Santuenetik Artzabaleta-Eskuzaitzeta eremura egin nahi baitituzte.

"Ez digute inolako jakinarazpenik helarazi gai honi buruz"

Lanok uztailaren 3an hastekoak izan arren, "ez digute inolako jakinarazpenik helarazi gai honi buruz" adierazi digute Usurbilgo Udaletik. Usurbilgo Udala lanok baimentzearen aurka agertu da. Eskaera bana luzatu dio Usurbilgo Udalak Zubietan ere lur eremuak dituen Donostiakoari eta Naturgas enpresari. Aipatu enpresari, zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatuko dituen plan bat eta obrari dagokion seinaleztapen proiektua aurkeztea eskatzen dio Udalak.

Donostiako Udalari, "obrek bi udalerrioi eragiten dienez, bidezkoa eta zuzena iruditzen zaigu, hauek burutzeko ezarri beharreko baldintza eta neurri zuzentzaileak, aurrez bi udalon artean adostea" galdegiten die. Eskaeron haritik Udaletik aditzera eman digutenez, ez dute Donostiako Udalaren berririk jaso. 

Baimena, urte hasieratik ukatua

Naturgasek obra hauek egiteko udal baimena ukatzea erabaki zuen Tokiko Gobernu Batzarrak urte hasieran, urtarrilaren 31n egin zuen bilkuran. Martxoaren 10ean, erabaki haren kontra berraztertze errekurtsoa eta dokumentazio osagarria aurkeztu zituen Naturgas enpresako ordezkariak.

Berraztertze errekurtsoa eta dokumentazio osagarria aztertu ostean, udal arkitektoak, eta Ingurumen Teknikariak, "apirilaren 3an aldeko txostenak eman zituzten". Udal aparejadoreak txosten bidez ere adierazi zuenez, "ez da aurreikusten Zerbitzuak eta Mantenua sailak kudeatzen dituen azpiegituretan eta instalazioetan eraginik izango denik". Aldiz, udaltzainburuak ekainaren 14an emandako txostenean, "zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatzen duen plan bat" eta obrari dagokion seinaleztapen proiektua aurkeztea eskatu zuen. Eskaera bikoitz horixe bera helarazi berri dio aste hasiera honetan Usurbilgo Udalak Naturgas enpresari.

Lasarte-Oria, zubietarren behin behineko geltokia

Lanok Zubieta eta Santuenea arteko bidean eragingo dute. Besteak beste, handik igaro ohi den autobus zerbitzuan ere bai. Adi, Zubietara joan edo Zubietatik inguruko herrietara autobusez mugitu ohi zaretenok. Usurbil eta Hernani arteko autobus zerbitzua kudeatzen duen TSST enpresatik jakinarazi digutenez, lanok autobus zerbitzuaren joan etorrian eragingo dute, astelehenean, uztailaren 3an hasi eta bi hilabetez.

Usurbildik Hernanira bidean, Santueneraino sartuko da autobusa eta handik Zubietara jo beharrean, N-634 errepidetik barrena Lasarte-Orian, Euskotrenen pareko errotondan duen geltokira joango da. Eta handik zuzenean Hernanira. Hernanitik datorren autobusak ere gauza bera egingo du. Lasarte-Oriako biribilgune honetaraino etorriko da eta gero, N-634 errepidetik Santuenera eta handik Usurbila, Zubietatik igaro gabe. 

Zubietarrentzat autobus zerbitzu bat jarriko da Lasarteko bus zerbitzu honen Euskotren pareko geltokira joateko eta handik Zubietara baita. Ordutegi hau izango du zerbitzu honek:

Informazio gehiagorako:

tsst.info

info@tsst.info

943 361 741