Jaietan ere ez dituzte ahaztu nahi izan, gugandik 600 bat kilometrotara, Valentziako Picassenten espetxeratuak segitzen duten Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haurtxo Xua. Olatz Lasagabasterren amak, Xomorroren bertsoa eta lore sorta ederra jaso ditu. Hunkituta eskertu die jasotako babesa Mari Karmenek, Askatasuna plazako estalpera bertaratu diren herritarrei. Agurra ere dantzatu zaie preso segitzen duten herritarrei.
Xomorro aske
Azken urte honen balantzea egiteko baliatu dute hitzordua. Duela urtebete, 2016ko jaietan ginela, egun sorterrian den Xabier Aranburu "Xomorro" espetxean 25 urte betetzear zen. "Ezusteko zoragarria izango genuen ordea, handik bi hilabetera azkenean gure artean izango genuela jakin genuenean. Hala, nahiz eta azken orduko traba administratiboak medio egun batzuk gehiago espetxean egin zituen, irailaren 13an besarkatzeko parada izan genuen".
Gauza bera egiteko desioa adierazi dute gaurko ekitaldian. "Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarekin gauza bera egiteko irrikan gaude. Eta, nola ez, beren alabatxo Xua ezagutzeko ere bai". Gogoratuko duzue, urte hasieran jaio zen Xua. "Bere familien bizitzan gozatu ederra ekarri zieten. Baina pairatzen duten egoera gogorraren leuntze hark ez zuen luze jo". Mari Karmen Anza alaba bisitatu eta biloba ezagutzera joan Valentziaraino, gaixotu eta Valentziako ospitaleko ZIU-n lehenik, Donostiako ospitalean gero, guztira bi hilabete egin zituen. "Zorionez, berriro osatuta, gure artean dugu berriro Mari Karmen".
"Ez dugu etsiko eskakizun horiek gauzatu arte, ez horixe!"
Lau hilabete igaro ostean, Anzak "ekainaren 9an ikusi zituen berriro, Olatz, Patxi eta Xua. Lau hilabete pasata. Gaixotasuna gainditu ostean, indarberritu arte ezin izan die joan etorriko 1.200 kilometro aurre egin. Sakabanaketa madarikatuaren beste ondorioa!". Gogorarazi dutenez, Euskal Herriko espetxeren batean izan balira, "ez zen hainbeste kilometro egitera behartua izango eta seguru lehenago ikusiko zituela".
Urte luzez euskal gizartearen gehiengoa eskatzen ari dena gogorarazi dute, "gatazka behin betiko konponbidean jartzeko gero eta argiago dago Euskal Herrian ez ezik, beren etxeetan, gure artean behar ditugula, bai presoak eta bai iheslari eta deportatu guztiak". Argi utzi dute, "ez dugu etsiko eskakizun horiek gauzatu arte, ez horixe!", nabarmendu dute.
Festetan gaudenez, jai giroan amaitu nahi izan dute ekitaldia; pintxo pote ederrarekin.