Jende ugari ibili da festetako egun handian

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 2a, 15:20

Azken egunean agertu da eguzkia. Eta eguzkia lagun, jende asko ibili da gaur Usurbilgo kaxkoan. Jaietako egun handian, ekitaldi ugari zeuden aukeran. Soka dantzak, esate baterako, herritar ugari erakarri ditu. Aurten, Gure Esku Dago taldekoak omendu dituzte eta udaletxeko plaza jendez gainezka egon da. Dantza saioaren ondoren, plaza horretan bertan hasi dira loreak eta hamaiketakoa banatzen. Ohi bezala, Hurbilagoko dendariak aritu dira lanean. 

Erraldoien konpartsa eta zanpantzarren kalejira

Erraldoi eta Buruhandien II. Topaketari esker, Añorga, Orereta eta Zizurkil aldeko konpartsak hurbildu dira. Usurbilgo taldearekin batera ibili dira batetik bestera. Zanpantzarrak aldiz, Nafarroako banderaren erritmora aritu dira kalejiran. 

Dema plazan ere, jendetza batu da. Asko ziren ikusi beharrekoak: Aimar Irigoien harrijasotzailearen erakustaldia, Euskal Herriko Emakumezkoen Lehen Trontza Txapelketa eta Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa.