Usurbilgo Udala: "Ez digute inolako jakinarazpenik helarazi gai honi buruz"

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 4a, 11:28

 

Zubietako erraustegirako, industriagunerako eta makrokartzelarako gasa sartzeko lanen berririk eman gabe hasi, herri bidea itxi dutela eta gai honetan Donostiako Udalaren jokabidea salatu dute gaur eguerdian, Zubietako Herri Batzarrak, Usurbilgo Udalak eta herritarrek.

Etxera iritsi ezinik

Astelehen goizean, 8:45 aldera heldu ziren langileak, ondoko irudian duzuen seinaleak jartzera. Zubietako Learritza ibilbideko (ez Learrizta seinaleak adierazten duen moduan) 134. zenbakian errepidea itxita egongo da gutxienik bi hilabetez, erraustegia, espetxea eta industriagunerako gasa sartu nahi dutelako. Lanok aipatu moduan, Santuenea eta Zubieta lotzen dituen herri bidea ixtea ekarri zuten aipatu eremu horretan. Tarte horretan, bertan bizi direnek soilik erabili ahalko dute bide hau datozen bi hilabeteotan

Goizean zehar, zenbait zubietar gerturatu ziren lanon aurka protestatzera. Donostiako udaltzaingoa ere bertaratu zen, Ertzaintza baita ere. Tentsio unerik bizi izan zen. Goizeko azken orduan eta eguerdi partean behintzat, lanak geldirik izan zituzten. Ameri inguruan gertatu zen hau guztia. Bertako bizilagun bat ikusi genuen, bere etxera iritsi ezinik; etxeraino "oztopo" ugari gainditu beharrean. 

 

"Ez digute inolako jakinarazpenik helarazi gai honi buruz"

Lanok astelehen honetan bertan, uztailaren 3an hastekoak izan arren, "ez digute inolako jakinarazpenik helarazi gai honi buruz" adierazi digute Usurbilgo Udaletik. Usurbilgo Udala lanok baimentzearen aurka agertu da. Eskaera bana luzatu dio Usurbilgo Udalak Zubietan ere lur eremuak dituen Donostiakoari eta Naturgas enpresari. Aipatu enpresari, zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatuko dituen plan bat eta obrari dagokion seinaleztapen proiektua aurkeztea eskatzen dio Udalak.

Donostiako Udalari, "obrek bi udalerrioi eragiten dienez, bidezkoa eta zuzena iruditzen zaigu, hauek burutzeko ezarri beharreko baldintza eta neurri zuzentzaileak, aurrez bi udalon artean adostea" galdegiten die. Eskaeron haritik Udaletik aditzera eman digutenez, ez dute Donostiako Udalaren berririk jaso. 

Baimena, urte hasieratik ukatua

Naturgasek obra hauek egiteko udal baimena ukatzea erabaki zuen Tokiko Gobernu Batzarrak urte hasieran, urtarrilaren 31n egin zuen bilkuran. Martxoaren 10ean, erabaki haren kontra berraztertze errekurtsoa eta dokumentazio osagarria aurkeztu zituen Naturgas enpresako ordezkariak.

Berraztertze errekurtsoa eta dokumentazio osagarria aztertu ostean, udal arkitektoak, eta Ingurumen Teknikariak, "apirilaren 3an aldeko txostenak eman zituzten". Udal aparejadoreak txosten bidez ere adierazi zuenez, "ez da aurreikusten Zerbitzuak eta Mantenua sailak kudeatzen dituen azpiegituretan eta instalazioetan eraginik izango denik". Aldiz, udaltzainburuak ekainaren 14an emandako txostenean, "zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatzen duen plan bat" eta obrari dagokion seinaleztapen proiektua aurkeztea eskatu zuen. Eskaera bikoitz horixe bera helarazi berri dio aste hasiera honetan Usurbilgo Udalak Naturgas enpresari.

Lasarte-Oria, zubietarren behin behineko geltokia

Lanok Zubieta eta Santuenea arteko bidean eragingo dute. Besteak beste, handik igaro ohi den autobus zerbitzuan ere bai. Adi, Zubietara joan edo Zubietatik inguruko herrietara autobusez mugitu ohi zaretenok. Usurbil eta Hernani arteko autobus zerbitzua kudeatzen duen TSST enpresatik jakinarazi digutenez, lanok autobus zerbitzuaren joan etorrian eragingo dute, astelehen honetan, uztailaren 3an hasi eta bi hilabetez.

Usurbildik Hernanira bidean, Santueneraino sartuko da autobusa eta handik Zubietara jo beharrean, N-634 errepidetik barrena Lasarte-Orian, Euskotrenen pareko errotondan duen geltokira joango da. Eta handik zuzenean Hernanira. Hernanitik datorren autobusak ere gauza bera egingo du. Lasarte-Oriako biribilgune honetaraino etorriko da eta gero, N-634 errepidetik Santuenera eta handik Usurbila, Zubietatik igaro gabe. 

Zubietarrentzat autobus zerbitzu bat jarriko da Lasarteko bus zerbitzu honen Euskotren pareko geltokira joateko eta handik Zubietara baita. Ordutegi hau izango du zerbitzu honek:

Informazio gehiagorako:

tsst.info

info@tsst.info

943 361 741