Usurbilgo jaien balorazio bilera, uztailaren 10ean

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 4a, 10:28

Ospatu berri ditugun jaiak baloratzeko garaia heldu da. Jai Batzordetik aditzera eman berri dutenez, datorren astelehenerako, uztailaren 10erako finkatu du ebaluazio bilerako hitzordua, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Urtero bezala bilera txiki bat egin nahi dugu, jaiak ebaluatzeko", aditzera eman dute Jai Batzordetik. Hitzordu honi begira, galdetegi bat bidali zaie jaien antolaketa lanetan parte hartu duten norbanako eta eragileei. 

Bertan, norberak antolaturiko ekintzaren eta oro har jaietan ondo eta ez hain ondo atera dena baloratzea eskatzen zaie. Batetik hamarreko puntuazioa ematea herritarren jaietako parte hartzeari, festa giroari, belaunaldi ezberdinen arteko nahasketari, bilerei, Jai Batzordeak eginiko lanari, norbere eta Udalaren lanari, diru-baliabideei. Puntuazio baxuena emandako alderdien kasuan, hobetze aldera, proposamenak egitera animatzen dute. 

Jaien antolaketaren herri ikuspegia baloratzeko aukera dago baita, galdetegi honetan; auzolana, ardura banaketa, erabakiak adostasunez hartu diren, arazoen konponbidean guztiek parte hartu duten, elkarren artean aintzat hartzea... 

Eta aparteko tarte berezi bat eskaintzen zaio galdetegi honetan, zehar lerroen tratamenduari: euskarari, ingurumenaren zaintzari eta emakume eta gizonen parte hartzeari. Galdetegi hau, ostiral honetarako, uztailaren 7rako erantzutea eskatzen zaie Jai Batzordeko kideei.