Ugartondoko etxebizitzetan izen emateko 20 eguneko epea egongo da

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 4a, 11:00

Ugartondo eremuko C eta D partzeletan eraikiko diren babes ofizialeko 46 etxebizitza eta A eta B partzelatan eraikiko diren beste 46 etxebizitza tasatuak, guztiak beren garaje eta trastelekuekin esleitzeko oinarriak behin betiko onartu zituen udalbatzak, ekainaren 27ko osoko ohiko bilkuran. Erabaki honen berri eman eta eskabideak egiteko epea irekiko dela jakinarazteko iragarkia argitaratuko du laster Udalak. Iragarki hau argitara eman eta biharamunetik zenbatzen hasita, eskabideak aurkezteko 20 eguneko epea izango dute interesdunek.

2016ko Errenta Aitorpena

Oinarriok hasieraz onartu zituztenetik ez da alegaziorik izan. Baina bi aldaketa txertatu ditu Udalak. Batetik, 2015ekoa ez, 2016ko Errenta Aitorpena hartuko zaie kontuan eskatzaileei. Datu eguneratuagoak beraz.

Bestalde, gizarte-sektore ezberdinentzako etxe kopuru zehatzak gorde dira. Tartean, 35 urtetik beherako herritarrentzat 10 etxebizitza. Kupo honetan zuzenketa bat txertatu du Udalak, eskabideak norbanako bakarraz zein pertsona bat baino gehiagoz osaturiko bizikidetza-unitateak aurkeztu daitezkeela argitzeko batez ere.

2007ko esleipena, bertan behera

2007ko martxoan Olarriondon eta Ugartondon babes ofizialeko 168 etxebizitza bere garaje eta trastelekuekin esleitzeko oinarriak onartu zituen garai hartako udalbatzak. Eskaerak aurkezteko epea ere zabaldu zuten eta tarte horretan, 420 eskaera aurkeztu zituzten herritarrek. 359 onartu ziren behin betiko 2008ko apirileko osoko bilkuran. Proiektu hura ordea eten eta geldirik izan da azken 10 urteotan. Udaletik oroitarazten dutenez, “proiekturik ez zen sekula aurkeztu eta noski Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren behin behingo kalifikaziorik ez zen eskuratu”. Orain, Ugartondo eremuan babes ofizialeko 46 etxebizitza esleitzeko jardunbidea abiatu duenez, 2007ko esleipena bertan behera uztea erabaki zuen udalbatzak aho batez, ekainaren 27ko osoko bilkuran. Eta horrekin batera, “interesatuek jardunbidean parte hartzeko aurkeztutako eskaera eta dokumentazio guztia suntsitzeko agintzea”.