Etxebeste eta Hirutasuna kaleen urbanizatze lanak abiatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 4a, 10:45

Iragarria zegoen moduan, abiatu dituzte Etxebeste eta Hirutasuna kaleak urbanizatzeko lanak, Etxebeste kaleko behealdetik, Kale Nagusitik hain zuzen, ondoko irudian ikus dezakezuen moduan. Lanok iaz Irazu kalean egindakoaren segida bezala ulertu behar ditugu.

Irisgarritasun arazoak konpondu eta azpiegitura sarea berritzea zen duela urtebeteko lanen helburu nagusia. Iaz gauzatu zituen Usurbilgo Udalak, Irazu kaleko urbanizatze lanak. Duela urtebete iragarritakoa betetzera doa orain; frontoiz bestaldeko Etxebeste eta Hirutasuna kaleak urbanizatuko ditu. Lanok bideratzeko udako oporraldia baliatu asmo du Udalak. Lanak hiru hilabetez luzatzea, hau da, iraila amaierarako bukatzea aurreikusten dute. 

"Iaz Irazu kalean egin ziren lanei segida eman eta gune horretako irisgarritasun zein segurtasun arazoak konponduko dira. Izan ere, gaur egun harri galtzadak sortu ditzakeen oztopoak arinduko dira, orain artean dauden harri berberak ebakiz, leunduz eta berrerabiliz. Modu horretan, orain arteko izaera mantentzeko ahalegina egingo dute udal ordezkariek", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.

Irazu kaleko lanetarako 191.552 euro bideratu zituen Usurbilgo Udalak. Bigarren fase honetarako, Irutasuna eta Etxebeste kaleko urbanizatze lanetara, 259.755 euro bideratuko dituzte. Kale Nagusi aldetik hasiko dituzte obrak. "Proiektua eta obren zuzendaritza Inforlur enpresak gidatuko du Construcciones Lasuen S.A. izango da kontratista. Obrek eragin ditzaketen eragozpenak direla eta, udaleko ordezkariek aldez aurretik barkamenak eskatu nahi dizkiete bizilagunei", ohartarazi dute.