Erraustegirako gasa sartzeko lanak geldiaraztea eskatu dute usurbildar eta zubietarrek

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 4a, 15:14

Bizilagun batzuk etxera, berriro diogu, etxera iritsi ezinik; beste batzuk, haiena duten baratzera ere gerturatu ezinean. Hala harrapatu ditu zubietar bat baino gehiago, ezustean, eta ulergarria den moduan haserre, aste hasieran Santuenea eta Zubieta lotzen dituen herri bidea ixteak. Erraustegirako, industriagunerako eta espetxerako gasa sartzeko Zubietako Learritza bidean, uztailean eta abuztuan zehar bideratu asmo dituzten lanen ondorioz hesitu dute eremu honetako bide zati bat.

Hainbat herritarrek, Usurbilgo Udalarekin eta Zubietako Herri Batzarrarekin batera, bizitzen ari diren egoera salatu dute publikoki astearte eguerdi honetan, Zubietan bertan. Eskaera argi bat egiten dute: “Obra hau geldiaraztea eskatzen dugu, hiru erakundeen (Usurbilgo eta Donostiako Udalak eta Zubietako Herri Batzarra) arteko irtenbide egokia adostu eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte”.

Usurbil eta Zubietako alkateek, Xabier Arregik eta Joxe Mari Zubimendik hurrenez hurren irakurri dute salaketa adierazpena. Lanon berririk ez dutela nabarmendu dute, ezta bide hau erabiltzen duten zerbitzu-enpresek ere; hala nola, hondakin bilketa, garraio edota posta zerbitzuko langileek. Antza, Donostiako Udalak lanok abiatzeko baimena eman du, baina Zubieta eta Usurbilgo erakunde eta herritarrak kontuan izan gabe. “Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz”, salatu dute.

Bidea ixteak dakartzan arrisku eta kalteez ere ohartarazten dute Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak. “Bidea itxi dute, eta kalte handia eragin dute gure eguneroko bizimoduan: ohiko ibilbideak itxi dizkigute, larrialdiren bat gertatuz gero ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik, hondakinak non utzi eta nola jaso ez daukagu, garraio publikoa murriztu eta trakestu egiten dute…”, diote.

Ez datoz bat ezta ere lanon helburuarekin. Zubieta gaineko azpiegiturak gasez hornitzeko bideratu nahi baitituzte obra hauek. “Bereziki irmoa da erraustegiaren aurkako jarrera. Zubietan eta Usurbilen ezin ozenago egin dugu aldarri: erraustegia guztiz kaltegarria da, eta ez da beharrezkoa. Bereziki larria da osasunari, ingurumenari eta gure eredu sozio-ekonomikoari eragiten dien zauria. Bada, hasi gara nabaritzen kalteak: Zubietatik Usurbilerako bidea moztea ekarri du gasaren hornikuntzak”, nabarmendu dute.

Mota honetako ekintzek, Zubietako Herri Batzarraren aburuz, “erakusten dute erakunde bakoitzak besteekiko duen errespetua: konfidantza eta elkarlanean oinarritu beharrean, azpijokoan eta ezkutuka garatuz nork bere interesak”. Onartezintzat eta errespetu falta izugarritzat jotzen zuen Xabier Arregik, egiten ari direna. “Eurena bakarrik inporta zaie, eta besteon eguneroko bizimodua, bost axola. Nazkatuta gaude”.

Donostiako udaltzainen jarrera

Etxe atariak edo etxerako bidea etenda ikusita, zubietar bat baino gehiago izan dira egunotan zer gertatzen ari zen ikustera obren eremura gerturatu direnak. Gaurko agerraldian, zenbait herritarrak Donostiako udaltzainen aldetik jasotako tratua deitoratu dute. “Obretara gerturatu dira, ikusi dutelako bapatean beren etxeetako irteera oztopatuta. Joan dira jakitera zer gertatzen den. Ez zaie inolako informaziorik eman eta hori gutxi ez eta, Donostiako udaltzainen jazarpena jasan behar izan dute”, salatu zuten. Hedabideoi ere gure lana ohi den moduan egitea zaildu digute, bereziki lanen inguruko argazkiak ateratzerakoan. Argazkiak ateratze hutsagatik, Donostiako udaltzainak datu eske arri zaizkigu egunotan. Zubietan nabaria da, udaltzainon eta Ertzaintzaren joan etorria.