Haimar Zubeldiarentzako animu mezuak, Tourreko bidean

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 5a, 08:42

Haimar Zubeldia Taldeak sare sozialetara igo dituen irudietan ikus daitekeenez, Tourreko gaurko etapa amaierako igoeran, Plance de Belles Filles-eko igoeran txirrindularrari usurbildarren aldeko animu mezuak ageri dira bidean idatzita. "Aupa Haimar!", edo ta 16. Tourra duela gogoraraziz. Elkartasun mezuon irudi gehiago, @AupaHaimar  Twitterreko kontuan ikus ditzakezue.

Hamaseigarrenez

15 alditan lehiatu ostean, 2017ko Frantziako Tourrean ez zuela parte hartuko zabaldu zen arren, azkenean bai, Haimar Zubeldia usurbildarra munduko txirrindulari onenekin lehiatuko da asteotan. Trek-Segafredo taldearekin parte hartzen ari da Tourrean, talde kide bat ordezkatuz. Hain zuzen, dopin kontrol batean positibo eman ostean, Andre Cardoso txirrindulari portugaldarra taldetik kanpo utzi dute, eta Zubeldia bera ordezkatzen ari da. Taldeko burua, Alberto Contador izango da. Usurbildarrarekin batera, John Degenkolb (ALE), Koen de Kort (HOL), Fabio Felline (ITA), Michal Gogl (AUT), Markel Irizar (EUS), Bauke Mollema (HOL), eta Jarlinson Pantano (COL) talde kideek parte hartuko dute, hastear den 2017ko Frantziako Tourrean.

Pirinioetan, uztailaren 13 eta 14an

Gugandik gertuen, uztailaren 13 eta 14an ikusi ahalko dugu Zubeldia. Egun horietan igaroko baita txirrindulari itzulia Pirinioetatik. Hilaren 13an jokatuko den Pau eta Peyragudes lotuko dituen 214,5 kilometroko 12. etapan helduko dira txirrindulariak Pirinioetara. Uztailaren 14ko 101 kilometroko 13. etapa berriz, Saint-Gironsetik abiatu eta Foixen amaituko da. Bi egunotan 9 mendate igoko ditu tropelak: maila bereziko bat, 1. mailako bost, 2.eko bi eta 4.eko bat. Etapa guztiak zuzenean eskainiko ditu Euskal Telebistak.