Aurtengo aurrekontuetan 2.000.000 euroko kreditu gehigarri bat txertatzea onartu zuen udalbatzak aho batez ekainaren 27an egin zuten osoko ohiko bilkuran. Kopuru hau osorik, Zumarte Musika Eskolaren eraikina birgaitzeko lanetara bideratuko du Udalak.
Udalbatzak hartutako erabakiari erreklamazioak aurkezteko 15 egunez izango da jendaurrean. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, erabaki hau behin betiko onartutzat joko da. Gogoan izan, datozen bi ikasturteotan bideratuko direla Zumarte berritu eta handitzeko lanak. Tarte horretan, behin behinean Udarregi Ikastolan, Atez Ateko informazio bulego ohian eta Santueneko frontoi atzeko lokalean sakabanatuko dira Zumartekoak. Horretarako, uztailaren 5ean eta 6an egitekoak ziren leku aldaketa.
Diru-laguntzen plan estrategikoa
Diru kontuei lotutako zenbait erabaki hartu zituen Usurbilgo udalbatzak, ekainaren 27ko osoko ohiko bilkuran. Batetik, 2017-2019 urtera arteko diru-laguntzen Plan Estrategikoa behin betiko onartu zuten udal ordezkariek aho batez. Apirilaren 25eko plenoan onartu zuen hiru urterako plan hau hasieraz. Gero hilabeteko epea zabaldu zuten alegazioetarako. Aurreko asteko osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez ordea, tarte horretan ez zen alegaziorik aurkeztu. Udaletik ordea, bidezkoa ikusi dute Gizarte Zerbitzuen sailean aurtengorako 3.000 euroko lerro berri bat txertatzea. Inbertsio hau, aurreikusi gabeko gizarte-zerbitzuetako egoera-premia berezietara bideratuko da.
Aipatu moduan, aldaketa hau barne, udalbatzak aho batez onartu zuen 2019ra arteko udal diru-laguntzen plan estrategikoa.
2016ko Kontu Orokorra, behin betiko onartua
Maiatzaren 8an gai honi lotutako Kontuen Batzorde Berezira 2016ko Kontu Orokorra eraman ostean, 15 egunez zabaldu zen epearen baitan alegaziorik ez zen aurkeztu. Ekainaren 27ko osoko ohiko bilkuran gehiengo osoz onartu zen behin betiko EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ-ko ordezkariak abstenitu ziren.
Aldaketa, 2017ko zerga ordenantzan
Udalak ordenantza hau indarrean duen arren, honen baitan badira zenbait prezio, ikasturteka onartu beharrekoak. Horien artean, Oiardo Kiroldegiak irailean martxan jarri ohi dituen ikastaroetako prezioak. Iaz esleitu ziren ikastarook emateko zerbitzua. %1,9an finkatu zen zerbitzu kostuaren igoera eta igoera hauxe bera zen, ekainaren 27ko osoko bilkuran udal gobernu taldeak aplikatzea proposatu zuzena. Aho batez onartu zen. Baita udazkenean martxan jarriko den eguneko arreta zerbitzuaren prezioak ere. Diru-sarreren arabera, eguneko 1-3 euro artean finkatzea erabaki zuten. Aldaketok aho batez onartu zituen hasieraz udalbatzak, ekainaren 27ko osoko ohiko bilkuran. Erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea egongo da.