Lanak bi egunetan gauzatzea aurreikusten zuten arren, azkenean jaso duten laguntza bikainari esker, egun bakar batean amaitu dituzte lanak. Zumarte Musika Eskolakoei buruz gara. Dakizuenez, hurrengo bi ikasturteotan, 2017-18 eta 2018-19 ikasturteetan, handitu eta eraberritzera doaz eraikina. Lanok bideratu ahal izateko, behin behinean Usurbilgo beste gune batzuetan bilduko dira musikariak; Udarregi Ikastolaren DBH-ren eraikin gorrian eta Agerialden, Santueneko frontoiko lokalean eta Puntapax kalean kokatua dagoen Atez Ateko Informazio Bulego ohian.
Gune guztiotara lekuz aldatzeko mudantza lanak asteazken eta ostegun honetan bideratzekoak ziren. Jaso duten laguntzari esker ordea, egun bakar batean, atzo, hasi eta bukatu zituzten, materiala Villa Pilarretik hurrengo bi urteetako behin behineko egoitzetara garraiatzeko zereginak. Zumartetik eskerrak eman nahi dizkiete, lanotan laguntzera hurbildutako guztiei. Bai, ikasleei, gurasoei, Zumarte kideei, Udalari, brigadari edota DIA saltokiari.
Zama lanak amaituta, behin behineko guneak txukundu eta egokituko dituzte ikasturte berrirako. 2017-18 denboraldia, irailaren 7an abiatuko du Zumarte Musika Eskolak. Pop rock taldeak, gitarra edota perkusio ikasleak Santueneko frontoiko lokalean bilduko dira. Gainerakoak, Udarregi Ikastolako LH eta DBH-ko eraikinetan. Hartuemanetarako egoitza berriz, Puntapax kaleko garai bateko Atez Ateko Informazio Bulegoan. Aipatu, aurrerantzean ere Musika Eskolarekin hartuemanetan jartzeko bideak orain arteko berak izango direla.