Hala adierazi zuen Narciso Arrillaga Zubietako alkate izendatu berriak, atzo eguerdian Kaxkapen ospatu zen kargu hartze ekitaldian. Hitza hartu zuten azken bi urteotan kargu berean egon den zubietar Joxe Mari Zubimendik, baita Usurbil eta Donostiako alkateek ere; Xabier Arregik eta Eneko Goiak hurrenez hurren.
https://youtu.be/9fpTV3p9nzs
Joxe Mari Zubimendi: "Erreibindikazioa oso argia da"
Usurbilgo eta Donostiako alkateak ekitaldira etorri izana eskertuz eta nabarmenduz hasi zituen bere adierazpenak Zubimendik, hartara "herri batzarraren izaera azpimarratu eta indartzen dugulako". Erraustegiaren aurkako banderolak eskutan zituzten ekitaldira gerturatu ziren herritarrei ere aipamena egin nahi izan zien. Zubimendik duela bi urte kargua ere erraustegiaren aurkako aldarrikapen artean hartu zuela oroitu du. "Erreibindikazioa oso argia da. Ulertu behar duenak ulertuko du", adierazi zuen.
Bi urteotako errepaso azkarra eginez, gai arantzatsu askori eta inposaketei aurre egin beharrean aurkitu direla adierazi zuen. Batzarkideentzako hitzak ere izan zituen. "Beti taldean aritu gara sei herri batzarkideok, Zubietan ordezkaritza garbia osatu dugu", zioen. Uztear zuen alkate karguari buruz aipatu zuen, "saiatu naizela ahalik eta alkatetza finena, objektiboena, zintzoena egiten". Txalo artean agurtu zuten zubietarrek.
https://youtu.be/6ee5vVtVVOc
Narciso Arrillaga: "Zubieta oso errespetu gutxirekin tratatu duzue edo batere gabe"
Alkate berriak ofiziotzat duen abeltzaintza eta datozen bi urteotako alkatetza kargua parekatu zituen, eta Zubieta jasotzen ari den tratuari ezinhobeto lotu zuen bere diskurtsoa. "Abeltzain bezala, urte askoan ikusi dut bere aziendari errespeturik ez diotenak eta hori oso itsusia da. Aziendari errespeturik ez dion abeltzaina, gaizki. Abeltzaina traketsa da bere aziendari ez badio zainketa bereziko egun bat ematen, zama handia jartzen dion behorrari, edo esne asko ematen duen behiari. Neure ustez, hor du parekotasuna abeltzainak eta alkatetzak", zioen.
Ildo horretatik, Zubietak jasotako tratua kritikatu zuen. "Horregatik diotsuet, Zubieta oso errespetu gutxirekin tratatu duzuela, edo batere gabe. Ez duzue kontuan ze zama jartzen ari zareten Zubietan behorrari, eta ezta ere kontuan ez zarete hartzen ari, Zubieta herriak zenbat esne ematen duen", adierazi zuen argi asko.
Testuinguru honetan, helburu nagusi bat finkatu zuen 2019ra arteko tarte honetan. "Errespetuz saiatzen lortzea eta konturatzea zuek zer jartzen ari zareten Zubietan eta zer ateratzen den Zubietatik. Denok adostasun batera helduz gero, lorpen handia izango da", adierazi zuen. Herri Batzarreko kideak, baita Usurbil eta Donostiako alkateak ere bazkari batera gonbidatu zituen, "telefonorik eta agendarik gabe", eta hitzordu hau egin ahal izatea biziki eskertuko lukeela adierazi zuen, lasai hitz egiteko, baina batez ere erabakiak hartzeko.
https://youtu.be/ZAYg8Z1H8Ns
Eneko Goia: "Zubietak donostiarrengan aberastasun bat suposatzen du"
Bi urteotan Herri Batzarrak eginiko lana eskertu, zoriondu eta aitortu nahi izan zien Donostiako alkate Eneko Goiak. "Ez da lan erraza, denbora eskatzen du eta seguru aski askotan haserreak, eta inpotentzia ere egon dira", adierazi zuen.
Zubieta bezalako errealitate bat izateak Goiaren esanetan, donostiarrengan "aberastasun bat suposatzen du. Kasu askotan ulertzen zaila izaten den aberastasuna, bi herrien artean partekatzen dugu ardura eta herri kontseilu bati erantzuna ematea ez delako erraza". Donostiako Udalari Zubietako errealitateari aurre egitea kosta egiten zaiola aitortu zuen Goiak. Egoera hau eraldatzeko borondatea agertu zuen. "Bi urteotan saiatu gara, ez dugu asmatu askotan, ez dugu lortu niri behintzat gustatuko litzaidakeen bezain urrun iristea bide horretan, zuen eta Usurbilgo Udalaren eskutik. Espero dut, geratzen zaizkigun bi urteotan, bide horretan aurrera egiten gehiago asmatzea".
Xabier Arregi: "Zubietak etorkizunari begira bere burua gobernatzeko eredu horretan sakondu beharra du"
Herri batzarrak egiten duen lan zaila eskertu zuen Usurbilgo alkateak, erakundearen beraren beharra azpimarratzearekin batera. "Sekula baino beharrezkoagoa ikusten dut herri honek aurrera egingo badu", zioen Herri Batzarrari buruz. Zubieta, "udalerri ez den herri bat" dela aitortuta, "Zubietak etorkizunari begira bere burua gobernatzeko eredu horretan sakontu beharra du".
Bide horretan gainera, Zubieta bitan banatua egoteak, "eskatzen du administratiboki nahiz bi udalerrietan banatua egon, ahalegin berezi bat Zubieta modu egoki batean kudeatzeko". Eremu honetan bada zer hobeturik Usurbilgo alkatearen esanetan. Bi udalek Zubietaren tratamenduari lotuta dituzten barne arautegiak berrikusi beharrak daudela uste du, arautegiok egunerokoan praktikara eramatea kosta egiten zaiela aitortuta. "Nahiko nabarmena da gai batzuetan koordinazio edo planifikazio eza", zioen atzoko ekitaldian.
Horren adibide gisa jarri zuen duela astebete, erraustegirako gasa sartzeko lanekin Zubietako herri bidean gertaturikoa. "Obra bati hasiera eman zaio Donostiako parteko bide zatian. Hor koordinazio ez nabarmen bat izan da, herritarrok nozitu duzuena eta horrek agerian uzten du beste behin, ze zailtasun ditugun halako egoeren aurrean, egoki erantzuteko", azpimarratu zuen Arregik.
Lurralde antolamenduan ere arazo latzak daudela gaineratu zuen. "Gaur Zubietan badago galdera potolo bat mahai gainean, zubietarrok erantzun beharrekoa. Zer nolako Zubieta nahi dugu etorkizunean? Zer egin nahi dugu gure lurrekin, baliabideekin?", galdetu zuen.
Galdera hauei zubietarrek erantzun behar dietela azpimarratu zuen. Ez dela zilegizkoa, "bi udalok gure gilborrari begira aritzea, edo udalez gaindiko administrazioak lurralde arloko plafinizioak egiten aritzea, zubietarron iritzia aintzat hartu gabe". Alde horretatik, Usurbilgo eta Donostiako udalei "zubietarren borondatea errespetatzea" dagokiela esan zuen, irtenbide adostu baten alde lan egiteko prestasuna erakustearekin batera.