Erraustegiaren aurka grabaturiko bideoklipa plazaratu du Odolaren Mintzoak

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 11a, 13:26

Erraustegiaren aurkako borrokak, ereserki berria du. Usurbilgo musika taldeak azken asteotan grabatzen aritu den erraustegiaren aurkako bideoklipa plazaratu berri du sare sozialen bidez. Ondoko bideoan duzue ikusgai eta entzungai. Odolaren Mintzoak irailean kaleratuko duen lan berriko abestietako bati irudia jarriko dio ikus-entzunezko lan honek. Erraustegiaren aurka sortu duten "Min(a)bizi) izeneko kanta berriari hain zuzen. 

Herritarrak ageri dira

Gogoan izango duzue, ekainaren 17rako Mikel Laboa plazan jarri zuten hitzorduaz. Herritarrak ikus-entzunezko lan honen zati baten grabazioan parte hartzera animatzen zituzten. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak hurbildu ziren Jose Luis Zumetaren mural parera. Hainbat gazte, baita besteren artean, Kantu Taldeko kideak ere.

Mezu bakar eta bera zerabilten ahotan bideoklipean ikus dezakegun moduan; erraustegiaren aurkako banderolak eskutan, "Ez hemen, ez inon! Ez hemen, ez inon!" oihukatzen eta dantzan ageri dira. 

Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka laukoteak Peru Galbete usurbildarraren laguntzaz grabatu du bideoklipa azken asteotan, herriko txoko desberdinetan. Plazaratu berri duten lanean, erraustegiaren "zero gunea", Gipuzkoa Zutik mugimenduak maiatza amaieran eremu hartara antolaturiko martxa edota hilerria ageri dira. Baita aipatu moduan hainbat herritar, ekainaren 17an Mikel Laboa plazan eginiko grabazioan.

Zubietan eta Urdaiagan

Bideoklip berria, Odolaren Mintzoak Facebooken sortu berri duen orrialdean ikusgai duzue jada. Orrialde berean jada iragartzen ari direnez, laster Zubietako eta Urdaiagako jaietan entzun ahalko ditugu Odolaren Mintzoa taldekoak. Zubietan, uztailaren 30eko gaupasan eta Urdaiagako festetako azken parranda gauean, abuztuaren 5ean.

Odolaren Mintzoa Facebooken: https://www.facebook.com/OdolarenMintzoaTaldea/?fref=ts

https://youtu.be/Y3mACrSsB9A