Erraustegiaren finantziazioaren iruzurra salatu du GuraSOSek, Espainiako Senatuan

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 13a, 13:10

Madrilen izan da GuraSOS asteazken honetan, Espainiako Senatuan, erraustegiaren finantziazioaren iruzurra salatzen. Bisitak hainbat ordezkari politikoren arreta bereganatu zuen, eta nabarmentzeko moduko interesa piztu ere bai. GuraSOS Senatura iritsi bezain laster, PSOE, ERC, EHBildu eta Unidos Podemos taldeetako ordezkariekin bildu zen. Erraustegiaren finantziazioaren iruzurra salatzen duen dossierra aurkeztu eta helarazi zien. Interes handiz, eta adi asko entzun zituzten, GuraSOSeko kide Joseba Belaustegiren azalpenak. Entzun bakarrik ez, esku artean zuten dosierra aztertzeko konpromisoa hartu eta guraso taldearekin harremanetan segitzeko borondatea ere erakutsi zuten politikari guztiok.

Dosierra bera, PP eta Ciudadanoseko ordezkariei ere helarazi zien guraso taldeak. Unidos Podemoseko senatarietako batek gainera, GuraSOSek aurkezturiko dokumentazioa, goiz berean Senatuan bertan gastu mugari buruz hitz egiteko agerraldia egitekoa zen Espainiako Gobernuko Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministro Cristobal Montorori ere pertsonalki eskura eman zion. 

"Potentzialki arriskutsuak diren instalakuntzez ari gara"

Goizean GuraSOSek ordezkari politikoekin eginiko bilera, haietako batzuekin, EHBildu eta Unidos Podemos alderdietako kideekin batera, Senatuan bertan hedabideen aurrean eginiko agerraldiarekin borobildu zuten.

Pilar Garrido Unidos Podemoseko senatariak nabarmentzen zuenez, "garrantzitzua da azpimarratzea ez dagoela ez planifikazio ezta koordinaziorik ere hondakinen kudeaketan". Gaineratzen zuenez, "potentzialki arriskutsuak diren instalakuntzez ari gara". Zubietako erraustegia gainera, gutxieneko adostasunik gabe eraikitzea erabaki dela salatu zuen, "gipuzkoarren parte hartzea aintzakotzat hartu gabe". 

Adierazpenok egiteko, atzokoa ez zen edozein egun. Gastu mugaz osoko bilkura baitzuten Espainiako Senatuan. Alde horretatik, Zubietako erraustegiak sinbolizatzen duen eredua ere agerian utzi nahi izan zuen Garridok. "Administrazioek mekanismoak baliatzen dituzte defizita burlatzeko, eta modu horretan, betiko enpresa, banku eta enpresa eraikitzaileak onuradun suertatzen dira". Aldiz, zorpetzearen ondorioak sufrituko dituztenak, "murrizketekin eta kalitatezko zerbitzu publikoen gabeziarekin, gipuzkoarrak izango dira" ohartarazi zuen.

1.000 milioi euroko iruzurra

Agerraldi berean parte hartu zuen baita Jon Iñarritu EHBilduko senatariak. GuraSOSen planteamendu eta eskaera guztiekin bat egiteaz gain, erraustegiaren aurka daudela azaldu zuen. Guztiz aurka, hainbat arrazoiengatik. Tartean, publikoa zen gai bat pribatizatuko delako. Mila milioiko zorra eta iruzurra Iñarrituk nabarmendu zuenez, eta horrek, "murrizketak eragingo dizkigu, besteren artean eremu sozialean. Zaharkitua dagoen eredu horren aurka gaude". Hondakinak tratatzeko bestelako ereduen aldeko apustua egitearen alde agertzeaz gain, beharrezkoa ez den erraustegi baten aurrean gaudela ohartarazi zuen. Gogorarazi zuen, EAE-n jada badugula erraustegi bat, Bizkaian hain zuzen, "beraz zentzugabekeria" da Zubietan eraiki nahi duten azpiegitura, EHBilduko senatariaren esanetan. 

Erraustegiaren atzean dagoen guztia argitu beharra dagoela adierazi zuen hedabideen aurrean, baina neurri prebentiboak ere hartu behar direla, "astakeria hau ez gauzatzeko". Hondakinen kudeaketaren gaia Gipuzkoan, gatazka politiko eta sozialean bihurtu dela jakinarazita, alderdi politikoei adostaunerako deia egin zien eta baita herritarren aldetik dagoen eskaerari erantzunez, herritarren parte hartzea bideratzeko eskaria egin ere. "Espero dezagun alderdi politiko eta herritarren aldetik, adostasun batera heldu ahal izatea, eta zentzua nagusitu dadila gai honetan".

GuraSOS: "Milioi askoko iruzurra argitara ematera etorri gara"

Agerraldi berean, GuraSOSeko ordezkari Joseba Belaustegik ere hitza hartu zuen. Argi zioen hedabideen aurrean, zertara joan ziren Senatura. "Milioi askoko iruzurra argitara ematera etorri gara. Herritarrek ordaindu beharko duten iruzurra, beharrezkoa ez den azpiegitura batengatik". 

Beharrezkoa izan gabe, proiektu honetan 1.000 milioi euro xahutuko direla salatu zuen hedabideen aurrean Belaustegik. Erraustegien "patronalak" emandako beste datu interesgarri bat ere plazaratu zuen. Patronal honen arabera, estatu espainiarrak 17 erraustegi "beharko" lituzke. "Kalkulu hauen arabera, 0,79 erraustegi beharko lirateke EAE osoan (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan). Bizkaiak jada badu erraustegi bat, beraz (Zubietakoa) ez da beharrezkoa, ez dago justifikatua bere beharragatik", zioen Belaustegik.

Iruzurra ez ordaintzea lortu arte, "ez gara geratuko"

Eta gainera arriskutsua da. Taldea bera aurkezterakoan aurrean zituen hedabideei adierazi zien Belaustegik, "guraso bakar batek ere ez lukeela onartuko bere seme-alabak arriskuan jartzea, behar ez den eta arriskutsua den erraustegi bategatik".

Erraustegia eraikitzen hasi den enpresa taldeko kideetako batek, Urbaserrek, ustelkeriarekin izan duen lotura ere gogorarazi zuen. Testuinguru honetan, herritarrek 1.000 milioiko iruzur hau ordaindu ez dezaten esperantzarekin hurbildu zirela Senatura zioen eta "hori lortu arte, guraso bezala ez gara geratuko".

Hedabideen aurrean iragarri zuen, hurrengo hitzordua, iraila amaieran dutela Bruselan. Hara eramango dute erraustegiaren finantziazioaren iruzur salaketa. Bitartean, Senatuko taldeekin ere hartuemanetan segitzeko asmoa agertu zuen, iruzur hau desestaltzen segitzeko.