"Oso pozik gaude, balantze oso positiboa egiten dugu", zioen Julene Albisu GuraSOSeko kideak, atzo Madrilgo Senatutik irten ostean. Erraustegiaren finantzazioaren iruzur salaketa Espainiako Gorteetara eraman zuen GuraSOSek asteazkenean. "Oso harrera ona egin digute, kontaktuak ere egin ditugu. Oso pozik geratu gara, helarazitako salaketa mezuarekin, gure sentimendu eta emozioak helaraziz", zioen guraso ere baden astigartarrak.
Julene Albisurekin batera bertaratu zen Madrilera Joseba Belaustegi. Senatura sartu aurretik argi zioenez, Madrilera ez ziren alferrik joan, "gure seme alaben eta gizarte osoaren osasuna eta ongizatearen alde edozer gauza egiteko prest gaude". Espainiako Gorteetara joateraino, atzo erakutsi zutenez. "Esan genuen erraustegiaren proiektuaren zati ahulena, finantziazioarena zela eta saiatuko ginela hor eragiten. Gaur horretara etorri gara, erraustegiaren proiektua iruzur finantziero handi bat dela salatzera. Eta hori mahai gainean jarriko dugu", zioen Senatura sartu aurretik Belaustegik.
Goizean alderdi politiko ezberdinekin bildu eta eskuartean, erraustegiaren finantziazioaren iruzurrari buruz aditu talde batek landutako txostena hainbat ordezkari politikori helarazi ostean, baikor agertu zen Belaustegi. "Azaldu dugu lasaitasunez gure ikuspegia, gure salaketa", zioen. Bilkurara gerturaturiko ordezkari politikoen artean, PSOEren parte hartzea nabarmentzen du. Berarekin baita ERC, EHBildu eta Unidos Podemosekin bildu ziren. Dosierra helarazi eta hartuemana egin zuten baita Ciudadanos eta PP-krein ere.
Irailean, Bruselara
Eta adi, hemen ez baita amaitzen. "Hau lehenengo pausoa da. Iraila amaieran Europara joango gara", iragarri dute GuraSOSetik. Erraustegiaren iruzurra azalerazi eta bide horretatik, konponbidearena irekitzea da guraso taldearen asmoa.
Erraustegiaren puntu ahula ukitu dutelakoan dira GuraSOSekoak, finantziazioarena alegia,"iruzur handi baten aurrean baikaude. Defizita eta zorren arazoari iruzurra egiten ari zaie eta hor gaude gu eta beste hainbat herritar, hori guztia salatzeko".
Iraila amaieran salaketa hau Europara eramango du GuraSOSek. Ziurtatu dutenez, gai honetan "Europak izango du azken hitza". Bertan erabakiko da GuraSOSen esanetan, "arrazoia dugun eta hau guztia iruzur handi bat ote den". Hala balitz, iruzur handi baten aurrean bagaude, "erraustegia egingo ez dela baieztatuko den egunaren biharamunerako konponbidean pentsatu beharko da".
Eta konponbiderako elkarlan eta akordioan. Hondakinen kudeaketaren auzia, "denon artean konpondu behar dugu, baina ondo, modu onekin, eta legea, baina batez ere herritarren eskubideak errespetatuta", diote GuraSOSetik.
Honenbestez, Senatuko atzoko bisita ziklo baten hasiera da, eta argi du GuraSOSek nola bukatuko den. "Erraustegirik gabe eta adostasunarekin, ziur gaude. Aupa denok, adostasuna jar dezagun Europarekin!", adierazi zuten atzo Senatu atarian.