"Erraustegiak zorpetzearen eta gastu publikoaren Europako eta Espainiako arautegia ez du betetzen"

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 13a, 14:31

Ingurumenarentzat eta herritarron osasunerako ekar ditzakeen kalteez gain, Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak gure poltsikoetan izango duen eraginaz ohartarazi izan digute urte luzez. Erraustegiaren proiektuak ahultasun finantzieroa duela, iruzur handi bat dela, hala ondorioztatu du GuraSOSek, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Finantzieroa eta Kontabilitateko Katedradun batek landu duen peritu-txostenari esker. Txosten hau, Tolosaldeko udalerrien Mankomunitateak eskatu zuen eta datu eskandalagarri bat baino gehiago plazaratu du.

Ondorio nagusiak dosier batean bildu eta atzo, Madrilgo Senatuan egin zuen bisitaren baitan hainbat ordezkari politikoari helarazi zioten. Ez zuten edozein egun Senatuan, Espainiako Gorteetan defizita eta zorpetzearen inguruko eztabaida betean baitira asteotan. GuraSOSek berri eman duenez, "Senatuan salatu du erraustegiaren proiektuak zorpetzearen eta gastu publikoaren gaineko Europako zein Espainiako arautegia ez duela betetzen".

Hasteko, erraustegiaren obra publikoaren kontzesiorako 1.000 milioi euroko kontratua, "iruzurra da kontratuen eta egonkortasun finantzieroaren legediaren aurrean. Izan ere, kontzesionario pribatuak (Ekondakin)-Meridiam (%50), Urbaser (%46), LKS eta Murias, Moyua eta Altuna y Uria (%4a lauren artean biltzen dituena), ez du bere gain hartzen operazioaren arriskua. Justu kontrakoa: administrazioak bere akzionistei bermatzen die inbertsioa eta zergen ondorengo errentagarritasun nominala, %10,50, hain zuzen ere. Horretarako guztirako, proiektuaren diru sarreren %82,27 "Pago por disponibilidad" moduan jasoko ditu; hots, tarifa plana bat bezala, tratatzen diren hondakinak direna direla. Alegia, diru sarrera horiek jasoko dira hondakin tona bakar bat ere erretzen ez bada ere".  

GuraSOSek azpiegitura ez beharrezkotzat jotzen du erraustegia, "eta planifikazioa eta koordinazio falta ikusi ditu. Balorizazio energetikoaren (erraustegiak) sektorearen patronalaren arabera Espainia osoan 17 erraustegi beharko lirateke (gaur egun 11 daude), eta EAEri 0,79 edukitzea egokituko litzaioke, eta Bizkaian badago bat".

Datuon arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan, Bizkaian dagoen erraustegiarekain nahikoa eta soberan dugu. Zubietakoaren beharrik ez dago. GuraSOSen esanetan, "horrek esplikatzen du zergatik ez den aztertu ea Zabalgarbi nahikoa ote den Erkidegoko beharrak asetzeko". Horregatik ulertu beharrean gara GuraSOSetik diotenez, "EAE-k ez duela hiri hondakinen planik, eta ez da betetzen ari bere egokitzapena estatuko planari, ezta Hondakin eta Lur Kutsatuen Estatu Legeari ere".

Baina bada gehiago ere. Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Planak 2016ko abenduan amaitu zuen bere indarraldia. "Foru Aldundiak ez du nahi izan ere ordezkoa izango dena tramitatu; eztabaida soziala eta parte hartzea saihestu nahi duelako, batez ere (derrigorrezkoak direnak, legez). Gainera, GuraSOSek salatu du erabateko kontrol falta dagoela milioi askoko kontratuetan. Kontrol ezak eta iruzurrak egiturazko hedadura hartu dute, eta GHK-k ez du horren gaineko kontrolik ezarri, eta Europako arautegiak sekulako garrantzia ematen dio horri guztiorri (Europako Kontuen arautegia 2011/85/UE)".

Ekimen berriak ate joka

Madrilgo Senatuan iragarri moduan, erraustegiaren finantziazioaren iruzur salaketa Europara helaraziko du GuraSOSek iraila amaieran. "Eurostaten (Europako Batzordea) aurrean kasu hau salatuko du eta agintarien eskuetan jarriko du bere eskuetan dagoen dokumentazio osoa. Europako instantziek tamainako iruzurraz ohartuta, murrizketa sozialak eta lan erreformak ekarriko ditu. Horregatik guztiarengatik sindikatuei sindikatuen arteko ekintza bat proposatuko zaie, Europa mailakoa, horrelako iruzurrak saihesteko", iragarri du guraso taldeak.

GuraSOSek argi du erraustegi proiektua ezingo dela gauzatu. Erraustegia alboratu eta hondakinen kudeaketaren auziari herritarren parte hartzean oinarrituriko konponbide adostu bat emateko bi ekimen iragarri ditu 2017-18 ikasturterako. Batetik, Foru Aldundiak iragarri arren gauzatu ez duen hondakinen kudeaketari lotutako aurrekaririk gabeko parte hartze prozesua. "Berme Batzorde batek gidatuko du eta Gipuzkoa osorako diseinatutako prozesua egingo EHUko ikerketa talde batek. Adostasuna hiru norabideetan garatuko da: ahalik eta kohesio sozial gehiena, osasunerako berme gehien duen irtenbidea, eta Europako legedietara egokitzapena. Emaitza 2017-2030 bitarteko Hondakinen Kudeaketa eta Prebentzioarako Plan baten proposamena izango da".

Bigarren ekimen bat ere abiatuko du GuraSOSek, "Gipuzkoa+Technology" izenekoa."Horrekin ekintzailetasunean oinarritutako bidea izango da, non Gipuzkoa hondakinen kudeaketan mundu mailako erreferentzia bilakatuko den. Ildo horretan, ikerketa eta garapena sustatzeko proposamenak luzatuko dira".