Erraustegirako gasa sartzen ari diren Zubietako bidea zatian, elkarretaratzea larunbatean

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 14a, 20:53

Erraustegirako gasa sartzeko lanak hasi zituzten uztailaren 3an Zubietan. Lanok salatzeko mobilizatzera deitu dituzte herritarrak larunbat honetan, uztailaren 15ean. Elkarretaratzea deitu dute Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak eta Zubieta Lantzenek larunbat eguerdiko 12:00etan Zubietan, Artzabaletan. Gasa sartzeko lanak egiten ari diren eremuan alegia. Bertara oinez joateko hitzordu bikoitza jarri dute: 11:30tan Usurbilgo frontoian eta 11:45ean Zubietako plazan. 

Bidea, oinezko eta txirrindularientzat zabalik

Egun batetik bestera, erraustegirako gasa sartzeko lanetan dihardute Santuenea Zubietarekin lotzen duen Learritza bidean. Gogoan izan, uztailaren 3an inolako jakinarazpenik gabe itxi zuten Learritza pasealekuko bide zati hau, Ameri inguruan. Lanak geldiaraztea eskatua dute herritarrek, Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak, “hiru erakundeen (Usurbilgo eta Donostiako Udalak eta Zubietako Herri Batzarra) arteko irtenbide egokia adostu eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte”. Azken egunotan jakitera eman denez, oinezko zein bizikleta erabiltzaileentzat zabalik dago bide zati hau. Ibilgailuentzat itxita izango da gutxienik irailaren 3ra arte.

Lanak geldiarazteko eskaera

Bizilagun batzuk etxera, berriro diogu, etxera iritsi ezinik; beste batzuk, haiena duten baratzera ere gerturatu ezinean. Hala harrapatu zituen zubietar bat baino gehiago, ezustean, eta ulergarria den moduan haserre, aste hasieran Santuenea eta Zubieta lotzen dituen herri bidea ixteak. Erraustegirako, industriagunerako eta espetxerako gasa sartzeko Zubietako Learritza bidean, uztailean eta abuztuan zehar bideratu asmo dituzten lanen ondorioz eremu honetako bide zati bat hesitu dute.

Hainbat herritarrek, Usurbilgo Udalarekin eta Zubietako Herri Batzarrarekin batera, bizitzen ari diren egoera salatu zuten publikoki uztailaren 4an, Zubietan bertan. Eskaera argi bat egiten dute: “Obra hau geldiaraztea eskatzen dugu, hiru erakundeen (Usurbilgo eta Donostiako Udalak eta Zubietako Herri Batzarra) arteko irtenbide egokia adostu eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte”.

Usurbil eta Zubietako alkateek, Xabier Arregik eta Joxe Mari Zubimendik hurrenez hurren irakurri zuten salaketa adierazpena. Lanon berririk ez dutela nabarmendu zuten, ezta bide hau erabiltzen duten zerbitzu-enpresek ere; hala nola, hondakin bilketa, garraio edota posta zerbitzuko langileek. Antza, Donostiako Udalak lanok abiatzeko baimena emana zuen, baina Zubieta eta Usurbilgo erakunde eta herritarrak kontuan izan gabe. “Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz”, salatu zuten.

Bidea ixteak dakartzan arrisku eta kalteez ere ohartarazten dute Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak. “Bidea itxi dute, eta kalte handia eragin dute gure eguneroko bizimoduan: ohiko ibilbideak itxi dizkigute, larrialdiren bat gertatuz gero ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik, hondakinak non utzi eta nola jaso ez daukagu, garraio publikoa murriztu eta trakestu egiten dute…”, diote.

Ez datoz bat ezta ere lanon helburuarekin. Zubieta gaineko azpiegiturak gasez hornitzeko bideratu nahi baitituzte obra hauek. “Bereziki irmoa da erraustegiaren aurkako jarrera. Zubietan eta Usurbilen ezin ozenago egin dugu aldarri: erraustegia guztiz kaltegarria da, eta ez da beharrezkoa. Bereziki larria da osasunari, ingurumenari eta gure eredu sozio-ekonomikoari eragiten dien zauria. Bada, hasi gara nabaritzen kalteak: Zubietatik Usurbilerako bidea moztea ekarri du gasaren hornikuntzak”, nabarmendu zuten.

Mota honetako ekintzek, Zubietako Herri Batzarraren aburuz, “erakusten dute erakunde bakoitzak besteekiko duen errespetua: konfidantza eta elkarlanean oinarritu beharrean, azpijokoan eta ezkutuka garatuz nork bere interesak”. Onartezintzat eta errespetu falta izugarritzat jotzen zuen Xabier Arregik, egiten ari direna. “Eurena bakarrik inporta zaie, eta besteon eguneroko bizimodua, bost axola. Nazkatuta gaude”.

Donostiako udaltzainen jarrera

Etxe atariak edo etxerako bidea etenda ikusita, zubietar bat baino gehiago izan dira egunotan zer gertatzen ari zen ikustera obren eremura gerturatu direnak. Duela astebeteko agerraldian, zenbait herritarrak Donostiako udaltzainen aldetik jasotako tratua deitoratu zuten. “Obretara gerturatu dira, ikusi dutelako bapatean beren etxeetako irteera oztopatuta. Joan dira jakitera zer gertatzen den. Ez zaie inolako informaziorik eman eta hori gutxi ez eta, Donostiako udaltzainen jazarpena jasan behar izan dute”, salatu zuten. Hedabideoi ere gure lana ohi den moduan egitea zaildu ziguten, bereziki lanen inguruko argazkiak ateratzerakoan. Argazkiak ateratze hutsagatik, Donostiako udaltzainak datu eske aritu zaizkigu egunotan. Zubietan nabaria izan da azken egunetan, udaltzainon eta Ertzaintzaren joan etorria.