Egun batetik bestera, jakinarazpenik egin gabe itxi zuten Santuenea Zubietarekin lotzen duen herri bide zatia uztailaren 3an. Ordutik erraustegi, makrokartzela eta industria gunerako gasa sartzeko lanetan dira ondoko irudietako eremuan. Gutxienik bi hilabetez iraungo dute lanon eta guztiona den herri bidea ixtearen aurka protesta egin dute gaur bertan, Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak eta Zubieta Lantzenek deituta. Mobilizazio amaieran bildu ditugun irudietan ikus dezakezuenez, jada erraustegirako gasaren hodia sartzen hasiak dira Ameri inguruan.
Uztailaren 3an eta ondorengo egunetan ez bezala, bidea irekia aurkitu dugu gaur oinezko eta txirrindularientzat. Ibilgailuak ere bazebiltzan aurrera eta atzera, ohi baino estuagoa den bidean. Larunbata izanik, gaur lanak etenda zeuden. Halere zaintzapean dute eremua. Lanok tarteko, astetartean gaur baino zailagoa izan ohi da halere eremu horretatik igarotzea.
Lanak gelditzeko eskaera
Azaldu genizuen moduan, uztailaren 3an lanok egiteko Zubietako herri bidearen itxierak ezustean harrapatu zituzten hainbat herritar. Bizilagun batzuk etxera sartu ezinik geratu ziren, beste batzuk baratzetara gerturatu ezinean, hainbat zerbitzurentzat bidea erabiltezin... Haserrea eragin dute lanok. Uztailaren 4an, Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak hainbat herritarrekin batera lanok geldiaraztea eskatu zuten, irtenbide egoki bat bilatu artean.
Gogoan izan, erraustegirako gasa Donostiako lurretan ari dira sartzen, horretarako baimena emana du hiriburuko udalak. Usurbilgoak ez ordea. Udalerri honetako udalak, lanak Donostiari eta Usurbili eragiten diotenez, baldintza eta neurri zuzentzaileak adostea eskatua dio hiriburuko udalari. "Zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatzen duen plan bat" eta obrari dagokion seinaleztapen proiektua aurkeztea eskatua du.