Hainbat zerbitzu desbideratuak, erraustegirako gasa sartzeko lanen eraginez

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 15a, 11:11

Bizilagun batzuk etxera iritsi ezinik zeuden, beste batzuk baratzara gerturatu ezinik, bidea itxita oinezko, txirrindulari nahiz ibilgailuentzat, edota hainbat zerbitzu egun batetik bestera desbideratu beharrean aurkitu ziren uztailaren 3an, erraustegirako gasa sartzeko lanak, inolako jakinarazpenik gabe abiatu zituztenean. Orduan, Santuenea eta Zubieta arteko bidea itxi zuten ibilgailuentzat eta hala egongo omen da gutxienik bi hilabetez.

Lanok hainbat zerbitzu desbideratzea eragin dute; tartean, landa eremua Kaxkoarekin lotzen duen bus-taxia. Udako ordutegia indarrean duen doako udal zerbitzuak bere ohiko ibilbidea egokitu behar izan du lanon eraginez. Kaxkotik hasi ohi du bere ibilbidea, handik Kalezar, Arratzain, Aginaga, Txokoalde, Urdaiaga, Santuenea eta Kaxkora itzultzeko. Gero, Santuenera bueltatu ohi da berriz, eta handik Amiritik barrena Zubieta aldera joaten da. Lanok amaitu artean ordea, Kaxkotik zuzenean Zubietako Etxetxo ingurura joango da bus-taxia, ez da Amiri ingurutik igaroko. 

Gogoan izan, uztailean goizez bakarrik ibiliko dela bus-taxia, 13:00ean izango duela azken zerbitzua. Arratsaldez ez dela bus-taxirik izango, ezta jai egunak egokitzen diren uztailaren 25 eta 31n ere. Oporrak tarteko, abuztu osoan ere ez da zerbitzurik izango. Irailaren 1ean berriz ere ohiko ordutegira itzuliko da, baina aipatu moduan, lanok iraun artean, ez da Amiri ingurutik igaroko.

Lasarte-Oria, zubietarren behin behineko geltokia

Usurbil eta Hernani arteko autobus zerbitzua ere desbideratu dute lanok. Irailaren 3ra arte gutxienez, TSST enpresak kudeatzen duen zerbitzuaUsurbildik Hernanira bidean, Santueneraino sartuko da autobusa eta handik Zubietara jo beharrean, N-634 errepidetik barrena Lasarte-Orian, Euskotrenen pareko errotondan duen geltokira joango da. Eta handik zuzenean Hernanira. Hernanitik datorren autobusak ere gauza bera egingo du. Lasarte-Oriako biribilgune honetaraino etorriko da eta gero, N-634 errepidetik Santuenera eta handik Usurbila, Zubietatik igaro gabe. 

Zubietarrentzat autobus zerbitzu bat jarriko da Lasarteko bus zerbitzu honen Euskotren pareko geltokira joateko eta handik Zubietara baita. Ordutegi hau izango du zerbitzu honek:

Informazio gehiagorako:

tsst.info

info@tsst.info

943 361 741