Ia 20 urtez profesional mailan lehiatu ostean, erretiratzera doala iragarri du gaur Haimar Zubeldiak. "Hainbeste lasterketa eta maillot jantzi ondoren agurtzeko eguna iritsi da", berri eman du sare sozialetan zabaldu duen oharraren bidez. 20 urteotan bizi izandako une magikoak oroitzen ditu bertan. Baita izandako hainbat garaipen ere. "Momentu zoragarri asko bizi izan ditut Euskaltel, Astana eta Trek taldeetan: Euskal Bizikleta irabazi nuenekoa, zaletuen ondoan Tourreko mendiak aurreko taldean pasatzen nituenekoak edota taldeka Pariseko podiuma zapaldu nuenekoa", oroitzen du usurbildarrak.
Talde kide izan dituenak gogoan ditu, eta esker hitzak baino ez ditu gertukoentzat. "20 urte hauetan maite nautenen lider izanik, atzetik lanean izan dudan pelotoitxoa gogoratu nahi dut: gurasoak, Kepa, Paco, Nazabal, nere anaia, Josune eta nere bi alabatxoak, baita ere babesa eman didazuen guztiei eta grupetakoei. Eskerrik asko hau guztia elkarrekin sortzen laguntzeagatik".
Maila profesionala hilaren 29an, Donostiako Klasikan parte hartuz utziko du Haimarrek. Baina argi dio, "ni beti izango naiz txirrindularia". Maillot horia betirako jantzita eramango duela nabarmentzen du. "Beste amets batzuen bila noa. Eskerrik asko, zoragarria izan da. Besarkada amaigabe bat guztiontzat!".