Ezker Abertzaleko Kalera Kalera dinamikaren baitan, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Martxa antolatu da hilabete honetarako. Bi helbururekin. “batetik, gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara ekartzea (bide batez sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea); eta bestetik, jai-giroaz gozatzea”.
Uztailaren 20an Gernikan abiatu eta uztailaren 27an amaituko da martxa Lakuntzan. Bertan gero lau egunez 20. Hatortxu Rock jaialdia ospatuko dute. Tarte horretan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat errepide eta herri zeharkatuko ditu. Usurbildik ere igaroko da. Hilaren 25ean zehazkiago esanda, Getaria Hernanirekin lotuko duen 13 kilometroko etaparen baitan. Zarautzen trena hartuta helduko dira Kalera Martxako partaideak Usurbila, arratsaldeko 16:25ean. Martxari harrera egiteko uztailaren 25ean arratsaldeko 16:00etan biltzeko hitzordua finkatu dute frontoian. Handik kalejiran joateko deia egin da tren geltokiraino, eta bertan harrera egingo zaio Zarauztik datozen martxako partaideei.
Gero hemendik Hernani aldera joko dute. Honatx egun horretarako antolatu duten egitaraua. Behin behinekoa da oraindik antolatzaileen esanetan, aldaketak izan ditzake honenbestez:
Uztailak 25, asteartea: Getaria-Zarautz-Hernani, 13 km
09:00 Gosaria.
10:00 Irteera.
11:30 Harrera Zarautzen.
12:00 Free them all.
14:30 Bazkaria.
15:45 Irteera, trenez Usurbilera.
16:25 Usurbilen.
18:30 Harrera Hernanin.
19:30 Esku-Pilota txapelketa.
21:00 Afaria.
22:00 Poesia irakurraldia.
Egitarau osoa eta informazio gehiago: kalerakalera.eus
Izen ematea ixtear
Kalera Martxan parte hartzeko aurrez izena eman beharra zegoen euskaludaberriakalera@gmail.com helbidean edo ohiko lekuetan.
Amaiera, Hatortxu Rock jaialdiaren abiapuntua
Aipatu moduan, uztailaren 20an Gernikatik abiatu eta hilaren 27an Lakuntzan amaituko da Kalera Martxa, harrera ekitaldi batekin. Lakuntzan bertan, lau egunez hilaren 30era arte dispertsioaren aurka eta errepresaliatu politikoen eskubideen alde egingo den Hatortxu Rock elkartasun jaialdiko abiapuntua ere izango da martxa honen amaiera. Edizio berezia izango da, hogeigarrena, inoizko jaialdi handiena, 85 talderen parte hartzearekin.
Informazio gehiago:
Elkarretaratzeak
Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko defentsak ez du etenik izango udako azken ostiraletan. Uztailaren 28 eta abuztuaren 25erako elkarretaratze bana deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.