Laguntza premian da Zubietako Jai Batzordea

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 20a, 18:00

Jaien antolakuntzan “esku bat botatzeko prest egongo bazinate, zinez eskertuko genuke zuen prestutasuna”, adierazi dute Jai Batzordetik. Antolatzaileekin hartuenametan jarri besterik ez duzue zuen laguntza eskaintzeko. Bada ordea, festak babesteko beste bide bat ere, antolakuntza gastuei aurre egitea esaterako. Ostegun honetan, uztailaren 20an iluntze aldera etxez etxe ibiliko da Jai Batzordea laguntza biltzen. Une horretan bere ekarpena egin ezin duenak, “eskertuko genizueke jaietan zehar txosnan egongo den kaxara botako bazenute”.

Mozorrotuta eta zapi morearekin hasi…

Santio Egunaren bezperan, uztailaren 24an 18:00etan jaurtiko duten txupinazoak murgilduko du Zubieta astebeteko jai giroan. “Ekintza anitz, parte hartzaile eta ezberdinez beteriko” jaien hasierara “mozorrotuta gerturatzera animatzen zaituztegu, jaietako zapi morearekin. Aspaldian entzun ez genituen txalaparta doinuak berreskuratu, eta jaiak aldarte ederrean igaro ditzagun, topa egingo dugu guztioan artean!”, iragarri dute Jai Batzordetik.

…eta erraustegiaren aurkako aldarriarekin amaitu

Aldarrikapenek ere bere tartea izan ohi dute jaietan. Zubietakoak aurten erraustegiaren aurkako aldarriarekin amaituko direla iragarri dute Jai Batzordetik. “Gure lurretan egiten ari zaizkigun txikizioa salatzeko parada ere izango dugu aurtengo festetan”.

Txartelak salgai

Adi Zubietako jaietan antolatu diren otorduetako txartelen salmentari. “Salmenta egunak errespetatu”, eskatu dute Jai Batzordetik. Epez kanpo txartel gutxi batzuk salgai izan daitezke baina prezio garestiagoan, ohartarazi dutenez. Garaiz eskuratu beraz. Uztailaren 24ko herri afarikoak Alamandegin eskuratu daitezke hilaren 20ra arte; helduenak 25 eurotan, haurrenak 12 eurotan. Zikiro janekoak uztailaren 23ra arte; helduenak 22 eurotan, haurrenak 12 eurotan. Barazar jatetxean ospatuko den jubilatuen bazkaritarako aldiz aurrez deitu beharko da, uztailaren 26a baino lehen, 634 879 307 telefono zenbakira (Arantzazu).

Otordu gehiagori lotutako oharrak. Uztailaren 29ko kuadrila arteko paella janerako, “Jai Batzordeak suak, arroza, gatza eta olioa jarriko ditu. Gainerako osagaiak eta tresneria (paellera barne) kuadrila bakoitzaren esku geldituko dira. Eskertuko genuke bertaratzeko asmoa izanez gero, Jai Batzordeari abisua ematea”.

Mus txapelketa, uztailaren 30ean

Gaupasa egunez antolatu dute, uztailaren 30ean. 15:30ean zabalduko dute izen ematea. 20 euro ordainduta bideratu ahalko da inskripzioa. Lehia ordu erdi beranduago abiatuko da. Bikote trebeenek sariok irabazi ahalko dituzte:

1.- Arkume bat, marisko lotea eta bi txanpain botila.

2.- Txerrikume bat, bi txangurru eta bi ardo botila.

3.- Bi txuleta eta bi sagardo botila.

4.- Gazta bat eta bi sagardo botila.

Sagardo dastaketa

Uztailaren 29an eguerdiko 12:00etatik aurrera ospatuko den hitzorduan, sagardotegiok parte hartuko dute: Aialde Berri (Usurbil), Alorrenea (Astigarraga), Araeta (Zubieta), Arratzain (Usurbil), Iruin (Zubieta), Izeta (Aia), Kalonge (Igeldo), Saizar (Usurbil), Satxota (Aia), Urdaira (Usurbil) eta Zabala (Aduna). Gogoan izan; 13:00ak aldera banatuko dituzte, I. Puntu Txapelketako sariak.