Erraustegiaren finantziazioaren iruzurra salatu du GuraSOSek Espainiako Senatuan

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 28a, 17:51

Madrilen, Espainiako Senatuan izan zen GuraSOS uztailaren 12an, erraustegiaren finantziazioaren iruzurra salatzen. Bisitak hainbat ordezkari politikoren arreta bereganatu zuen, eta nabarmentzeko moduko interesa piztu ere bai. 

GuraSOS Senatura iritsi bezain laster, PSOE, ERC, EHBildu eta Unidos Podemos taldeetako ordezkariekin bildu zen. Erraustegiaren finantziazioaren iruzurra salatzen duen dosierra aurkeztu eta helarazi zien. Interes handiz, eta adi asko entzun zituzten, GuraSOSeko kide Joseba Belaustegiren azalpenak. Entzun bakarrik ez, esku artean zuten txostena aztertzeko konpromisoa hartu eta guraso taldearekin harremanetan segitzeko borondatea ere erakutsi zuten politikari guztiok.

Dosierra bera, PP eta Ciudadanoseko ordezkariei ere helarazi zien guraso taldeak. Unidos Podemoseko senatarietako batek gainera, GuraSOSek aurkezturiko dokumentazioa, goiz berean Senatuan bertan gastu mugari buruz hitz egiteko agerraldia egitekoa zen Espainiako Gobernuko Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministro Cristobal Montorori ere pertsonalki eskura eman zion. 

“Potentzialki arriskutsuak diren instalakuntzez ari gara”

Goizean GuraSOSek ordezkari politikoekin eginiko bilera, haietako batzuekin, EHBildu eta Unidos Podemos alderdietako kideekin batera, Senatuan bertan hedabideen aurrean eginiko agerraldiarekin borobildu zuten.

Pilar Garrido Unidos Podemoseko senatariak nabarmentzen zuenez, “garrantzitzua da azpimarratzea ez dagoela ez planifikazio ezta koordinaziorik ere hondakinen kudeaketan”. Gaineratzen zuenez, “potentzialki arriskutsuak diren instalakuntzez ari gara”. Zubietako erraustegia gainera, gutxieneko adostasunik gabe eraikitzea erabaki dela salatu zuen, “gipuzkoarren parte hartzea aintzakotzat hartu gabe”. 

Zubietako erraustegiak sinbolizatzen duen eredua ere agerian utzi nahi izan zuen Garridok. “Administrazioek mekanismoak baliatzen dituzte defizita burlatzeko, eta modu horretan, betiko enpresa, banku eta enpresa eraikitzaileak onuradun suertatzen dira”. Aldiz, zorpetzearen ondorioak sufrituko dituztenak, “murrizketekin eta kalitatezko zerbitzu publikoen gabeziarekin, gipuzkoarrak izango dira” ohartarazi zuen.

“1.000 milioi euroko iruzurra”

Agerraldi berean parte hartu zuen baita Jon Iñarritu EHBilduko senatariak. GuraSOSen planteamendu eta eskaera guztiekin bat egiteaz gain, erraustegiaren aurka daudela azaldu zuen. Guztiz aurka, hainbat arrazoiengatik. Tartean, publikoa zen gai bat pribatizatuko delako. Mila milioi euroko zorra eta iruzurra Iñarrituk nabarmendu zuenez, eta horrek, “murrizketak eragingo dizkigu, besteren artean eremu sozialean. Zaharkitua dagoen eredu horren aurka gaude”. Hondakinak tratatzeko bestelako ereduen aldeko apustua egitearen alde agertzeaz gain, beharrezkoa ez den erraustegi baten aurrean gaudela ohartarazi zuen. Gogorarazi zuen, EAE-n jada badugula erraustegi bat, Bizkaian hain zuzen, “beraz zentzugabekeria” da Zubietan eraiki nahi duten azpiegitura, EHBilduko senatariaren esanetan. 

“Astakeria hau ez da gauzatuko”

Erraustegiaren atzean dagoen guztia argitu beharra dagoela adierazi zuen hedabideen aurrean, baina neurri prebentiboak ere hartu behar direla, “astakeria hau ez gauzatzeko”. Hondakinen kudeaketaren gaia Gipuzkoan, gatazka politiko eta sozialean bihurtu dela jakinarazita, alderdi politikoei adostasunerako deia egin zien eta baita herritarren aldetik dagoen eskaerari erantzunez, herritarren parte hartzea bideratzeko eskaria egin ere. “Espero dezagun alderdi politiko eta herritarren aldetik, adostasun batera heldu ahal izatea, eta zentzua nagusitu dadila gai honetan”.

GuraSOS, laguntza beharrean

Sare sozialen bidez jakitera eman dutenez, “dirua behar dugu aurrera joateko”. Diru-laguntzarik jasotzen ez duen talde bati buruz ari gara, “taldeko partaideen poltsikoetatik dator, nagusiki, gure finantziazioa. Eta, nola ez, egin ditugun ekimenetan herritarrek egindako diru-ekarpenetatik”.

Hondakinen kudeaketaren arazoa konpontzeko bide-orriaren baitan, erraustegiko lanak geratzeko hainbat ekimen judizial abiatu dituzte azken urtean. “Horretan, taldeko “guraso juristek” eta proiektuan lagundu nahi duten abokatuak eta prokuradoreak izan ditugu bidelagun. Musu-truk. Beren denbora eta sormena GuraSOSen zerbitzuan jarri dute eskuzabaltasunez. Prozesu judizial horien artean, epaitegiak kontra erabaki du batzuetan. Horietako batean, gainera, kosta bikoitza eskatu zaigu Gipuzkoako tribunalena”.

Gastu hauei aurre egiteko laguntza eskatzen dute. Honatx diru ekarpenak egiteko GuraSOSen kontu zenbakia: ES18 30350140391400030208

GuraSOS sarean: http://www.gurasos.org