Donostia aldeko hautagai bozkatuena izan zen 2015eko udal hauteskundeetan. Uztailaren 9az geroztik, Zubietako alkate 2019ra arte. Nartxi Arrillagak ordea argi dio, Zubietako Herri Batzarrean alkatearen irudia baino batzarkideen arteko auzolana dela gailentzen dena. Erakundea indartzea du datozen bi urteotarako erronka nagusia.
Batzarkide izatetik alkate izatera igaro zara. Zertan aldatuko da zure papera Herri Batzar barruan?
Nartxi Arrillaga: Ez dut uste askorik aldatuko denik. Kanpotik ematen du alkatearen figura hori badagoela baina azkenean 6 lagun gara elkartzen garenak. Herri Batzarrean auzolanean aritzen gara. Gure artean ez dago alkatearen figura, talde bat gara.
Uztailaren 9an hartu zenuen alkate kargua. Ze posizio zailean zaudeten agerian geratu zen beste behin.
Ekitaldi hartan gehien eskertu nuena zen, denek onartu zutela Herri Batzarrean aritzeak zer zailtasuna duen. Zubietak beste trataera bat behar zuela ere bai. Hari horri helduz esan nien, oraindik Herri Batzarrari bere nortasuna eman eta indartzen saiatzea merezi duela, bi udaletxeen aurrean. Askotan, kanpotik Herri Batzarra ahalmen handia duen erakundea dela dirudi. Baina bi urte pasa ditugu gauza xume batzuk lortzeko borrokan.
Erronka bota zenien bi alkateei. Biltzea, baldintza bakar batekin; eseri eta hitz egitea, erabakiak hartzeko.
Erronka bota nien bi alkateei eta Zubietako Herri Batzar osoari. Agendarik gabe eta erabakiak hartzeko. Zer gertatzen da askotan? Bileretan esandako hitzak hor geratzen dira eta ekintzak ez dira heltzen. Horregatik esaten nien hitz egin bai, baina erabakiak hartzeko. Ez dakit onartuko duten erronka hori baina nik gustura hartuko nituzke.
Bi urte dituzue aurretik. Ze erronka dituzue legegintzaldi zati honetarako?
1996-97 bueltan egin zen, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua dago, Zubietako Herri Batzarrak zer ahalmen zituen Donostia eta Usurbilgo udaletxeen aldetik. Hori ardatz hartuta, hori moldatu, lantzea, Zubietako Herri Batzarra indartzea da neure helburua eta Herri Batzarrak kudeatzeko ahalmena behar duela onartzea.
Goialdeko mugimenduekin nahiko borroka izango duzue.
Egunero dugu buruan eta horrekin ari gara. Batetik, denok ikusten dugun erraustegia dago, bestetik egin nahi diguten milioi bat metro karratuko industriagunea. Zubietari zer onura ekarriko dio horrek? Horiek denak ere kontuan hartzekoak badira.
“Uste dut herri izaera egiten, eskolatik hasten dela”
NOAUA! Zubieta bi udalerrietan banatua egon ordez udalerri izan balitz, bestelako hiri planteamendu bat egongo zen ziurrenik.
Nartxi Arrillaga: Pentsa, Zubietaren eremua herri bat balitz bezala hartuz gero, Zubietan 400 bat biztanle izango gara. Hiru gasolindegi ditu, industriaguneak… Edota eskola. Borrokan aritu gara Zubietako eskolan 12 urtera arte ikasi ahal izateko aukera eskaintzeko. Argi diogu, eskolan ibiltzen diren lekua herria egiteko era bat da. Nongo eskolan ibiltzen diren, azkenean sustraiak pixkanaka han geratzen joaten dira.
Lortu berri duzue 12 urtera arteko hezkuntza eskaintza izatea Zubietan?
Aspalditik izan dugu borroka Delegaritzarekin. Zubietan bere garaian 12 urtera arteko hezkuntza eskaintzea izatea lortu nahi zen. Lehen ere izan genuen saiakera handi bat eta ez genuen lortu. Orain berriz lortu da.
Oso albiste ona, ez bakarrik eskolari begira, herri egite horri begira ere albiste pozgarria noski?
Oso ona bai. Gehienbat herri izaeraren ikuspegitik. Nik uste herri izaera egiten, eskolatik hasten dela. Umeak 6 edo 8 urterekin ateratzen badira eskolatik edo 12 urterekin ateratzen badira alde handia dago, azkenean sustraiak sendoagoak dira 12 urterekin irtenda, zortzirekin baino.
“Zubieta batere errespeturik gabe erabiltzen dute”
NOAUA! Kargu hartzean, ozen adierazi nahi izan zenuen Zubieta oso errespetu gutxirekin tratatua izan dela. Bizi duzuen errealitateko azken atala, herri bidearekin gertaturikoa.
Nartxi Arrillaga: Niri esango didate obra bat hasi behar dutela eta pertsona batek bere etxera sartzeko aukerarik ez duela? Garbi esan nien alkate aldaketa ekitaldian. Zeinek ikusiko du ondo bere aziendari errespeturik ez dion abeltzaina? Alkate batekin berdin. Baserri guztietan izaten da lur puska bat, bistan geratzen ez dena, estropeatzen zaigun makinaria guztia eta txatarra pilatzen joaten garena. Zubieta hori da Donostiarentzat. Ikusi besterik ez dago, berak bistan nahi ez dituenak, bai erraustegia, bai kartzela… bere etxe atzeko sail horretan sartzen ari da. Horretarako Zubieta oso tresna polita da Donostiarentzako. Zubieta batere errespeturik gabe erabiltzen dute.
Erraustegia, industriagunea, makrokartzela eraiki nahi duten eremutik gertuen bizi zaren bizilaguna izango zara. Nola eragin dizue lanok?
Hara bizitzera joan nintzen duela 14 urte. Orain denentzako enbarazuan nago. Alde batetik kartzela eta industriagunea, eta beste alderditik erraustegiarentzako egiten ari direna. Kartzela eraikitzera doazen eremuan, 30 bat behor ibiltzen ziren mendi horretan. Kendu behar izan nituen obrak hasi zirenean. Erraustegiko obrak hasi zirenean Andatzara joateko bidea moztu zuten. Eta gaur egun oraindik, Andatzara joateko bide bat egiteko eskatu eta eskatu ari gara. Bidea moztuta dago. Bide moduko bat egin dugu, baina ia bi urte pasa ditut neure azienda Andatzan egonik, Puelatik barrena berriz Zubietaraino jaitsi eta Puelatik barrena igotzen, azienda hortik pasatzerik ez nuelako. Batere sentsibilitaterik gabe egiten diren gauzak dira. Joaten zaren lekura ikusi behar da gutxienez zer dagoen, zein diren kaltetuak eta kalte horiek ahalik eta gehien nola saihestu. Han goian oraindik bide asko moztuta daude, eta ez dakit berreskuratuko diren. Hasieran alde handia izan zen, Usurbil eta Donostia artean. Usurbilek ahalik eta bide gehienak publiko bezala izendatu zituen. Donostiak berriz, mendi bide gehienak pribatu gisa izendatuak ditu. Pribatuak direlako, espropiazio garaian bi pezeta ordaintzen ditu eta mozteko aukera du. Publiko balira, berreskuratu edo zaindu beharrak lituzke. Bide mordoxka bat moztuak daude hor. Gaur zubietar asko egongo dira, beren sailera joateko biderik ez dutenak. Gaur bideak eteten badira, bihar baso horiek ez dago kudeatzerik. Edo gertatu den moduan Zubietan. Txirrindulari batek istripua izan, eta beregana iristerik ez. Behin, helikopteroz atera behar izan zuten Donostiako eremuan, Zubietatik biderik ez zegoelako.
Erraustegia eraikiko dela uste duzu?
Baikorra naiz, ez dut uste erraustegia bukatuta ikusiko dugunik. Geroz eta jende gehiago dago kontzientziatua eta erraustegia zentzugabeko gauza bat dela ikusten duena. Duela gutxi oinez pasa nintzen bertatik. 12 makina ikusi nituen eta sei geldirik. Borrokan segi beharko dugu. Gutxi batzuentzako interes ekonomikoa baino ez dago hor.
Etorkizunean, Zubieta udalerri izatea amesten duzu?
Legegintzaldiko aurreneko bileran, Zubietako Herri Batzarrak haientzako Zubieta zer den galdetu zien bi alkateei. Udalik ez duen herria esan zuen batek, udal izaera ez duen bailara edo auzoa beste batzuk. Nik uste herria izan zela eta izan ere egingo dela berriz ere. Bide luzea izango da agian, baina lortzeko modukoa ere bada, bai baititu baliabideak. Agian horregatik izango da zailagoa herri izatea, baliabideak dituelako.
“Umorez biziko ditugu festak”
NOAUA! Ate joka dituzue festak. Nola biziko dituzue jaiak?
Nartxi Arrillaga: Festak herri giroan, umorez biziko ditugu, eta errespetua mantenduz.
Jaiak ere badira aipatu duzunaren ildotik, herria egiteko modu bat ere?
Dudarik ez. Herriak behar ditu festak eta festak behar du herria baita ere.