Urrian ospatuko da Mundualdia

Noaua Aldizkaria 2017ko abu. 25a, 12:00

Herri Anitza festak izenburu berria izango du aurrerantzean: Mundualdia jaialdia. Aurtengoa irailaren 24an egingo zela iragarri zuen duela aste batzuk Usurbilgo Udalak. Egun horretan, ordea, Kilometroak Eguna ospatuko dute Oñatin. Ikastolen aldeko festara herritar asko hurbildu ohi direnez, Mundualdia atzeratzea erabaki du Udalak. Urriaren 22an egingo dela iragarri dute udal web orrialdean.

 

Kartelaren diseinu lehiaketa

Ekitaldiko kartela egiteko diseinu lehiaketa antolatu du Udalak. Adi, aurkezteko epea irailaren 22a baino lehen amaituko baita. Hauek dituzue oinarriak:

-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lana originala eta argitaratu gabea izango da, beste lehiaketetan parte hartu gabea, eta ez da izango beste lan batzuen kopia, ez guztiz, ez zati batean.

-Lehiaketa honetara norbanakoak zein taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun. Nahi adina lan aurkez daitezke.

-Lehiaketa irabazten duenak 200 euroko saria jasoko du.

-Lana irailaren 22a baino lehenago erregistratu behar da Usurbilgo Udaleko erregistroan edo postaz bidali beharko dira. Hona hemen helbidea:

Usurbilgo Udala / Jose Martin Sagardia Plaza z.g. / 20170 Usurbil.

-Proposamenak postaz bidaltzen direnean, posta-bulegoan bidaltzen deneko data justifikatu beharko da, eta egun berean e-maila bat bidaliko da udalera erregistroa@usurbil.eus helbidera.

-Egitarauaren diseinua egiterakoan, egitarauaren testua txertatzeko aukera eman behar duela aurreikusi behar da. (Behin betiko testua txertatu beharko du)

-Horretaz gain, Usurbilgo Udaleko logoa ere eduki beharko du.

-Mundualdia Usurbilen kartel-egitaraua euskaraz eta gazteleraz egingo da; euskarak lehentasuna izango du. Beste hizkuntzak bertan agertzea ere baloratuko da.

-Lanaren neurria librea izango da.

-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da. Xehetasun gehiago, esteka honetan: Lehiaketa oinarriak