Ospakizunez jositako asteburu betean da Atxegalde. Hasi berri dituzte jaiak, antolatzaileek auzoko plazan 20:00ak pasatxoan jaurti duten txupinazo burrunbatsuarekin. Festak ondo pasatzeko desioa helarazi diete bertaraturikoei. Arratsaldean Kaxkoa girotu duen Matraka elektrotxarangako kideak izan dituzte bidelagun. Haiekin Jai Batzordeko kideek, hainbat auzotar eta herritarrek zenbait tabernetan barrena erronda modukoa egin dute. Atxegalderako bidea hartu dute gero eta auzoan hasi dute ofizialki, 48 orduz luzatuko den festa giroa.
Txupinazoa jaurtita, bapo jan ahal izan dute Jai Batzordeak bertaraturikoei zerbitzatu dieten luntxarekin eta txikienak lasterka bizian jarri dituzte buruhandiek. Atxegaldeko jaiak, lehen parranda gauaren atarian dira jada:
ATXEGALDEKO JAIAK
Abuztuak 25, ostirala
Gauean: Izeberg, Liher eta Gabenara.
Abuztuak 26, larunbata
11:00 Umeentzako jolasak eta opari banaketa.
14:30 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarritakoa, edaria eta postrea batzordearen kontu).
15:30-16:00 Mus txapelketako izen ematea. Bikoteko 20 euro. Sariak:
1.saria: txapelak, kopak, baserriko lau oilasko, mariskada eta bi botila txanpain.
2.saria: kopak, 4 txuleta, mariskada eta bi botila txanpain.
3.saria: kopak, 4 untxi eta bi botila txanpain.
4.saria: kopak, 3 kg saiheski eta bi botila txanpain.
16:00 Mus Txapelketa.
18:00 Bubble Soccer, haurrentzako jokoa.
Ondoren, txokolatada eta buruhandiak.
21:00 Herri afari musikatua, Ruben musikariak lagunduta. Txartelak 15 eurotan salgai aurrez, Aitzaga, Bordatxo eta Artzabalen. Menua: entsalada epela, oilaskoa garagardo saltsan eta gazta krema.
Gauean, DJ eta Elepunto.
Abuztuak 27, igandea
12:00 Toka Txapelketa. Izen ematea: 3 euro (haurrek doan). Sariak:
-Helduen txapelketa:
1.saria: 50 euro. 2. saria: 30 euro. 3. saria: 20 euro.
-Haurren txapelketa:
1.saria: 5 euro. 2. saria: 3 euro. 3. saria: 2 euro.
Jarraian, haragi, txorizo eta salda banaketa.
17:00 Mastertxef Txiki, sukaldari lehiaketa.
18:30 Bertso musikatuak.
22:00 Azken traka.
Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.