Udal mailako toki-garapenaren, sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorreko lankidetza hitzarmena sinatu zuten urte hasieran Beterri Buruntzako sei udalek; Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, ondoko artxiboko irudi eta bideoan ikus dezakezuen moduan.
Batzorde kudeatzailerako udal bakoitzak ordezkaritza izendatua du. Usurbilgoa, Xabier Arregi Iparragirre alkateak eta Alaitz Aizpurua Labaka zinegotziak ordezkatuko dute. Uztailaren 26an egin zuten osoko ohiko bilkuran, bi ordezkari politikoon ordezkoak izendatu zituen udalbatzak; udal gobernu taldeko kide Jone Urdampilleta Urdampilleta eta Irene Gartzia Palacios hain zuzen. Izendapenok gehiengo osoz onartu ziren; EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ-ko ordezkariak aurka agertu ziren eta PSE-ko zinegotzia abstenitu zen.
Beterri Buruntza elkarlanean garatuko dute sei udalerriek
Garapen agentziarik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra da gurea, Beterri Buruntza. Aurrera begira egitasmo honi lotutako urratsak ematera konprometitu ziren urtarrilaren 27an eskualdeko sei udalerrietako alkateak: Xabier Arregi (Usurbilgo Udala), Zorione Etxezarraga (Astigarragako Udala), Luis Intxauspe (Hernaniko Udala), Ana Karrere (Andoaingo Udala), Jesus Zaballos (Lasarte-Oriako Udala) eta Mikel Pagola (Urnietako Udala).
Beterri-Buruntzaren eskualdearen garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorreko zerbitzuak elkarlanean eskaintzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten Andoaingo Udaleko udalbatza aretoan.
Honatx lankidetza hitzarmen berri honen gako nagusiak:
-Erronka: eremu honetan udal bakoitzak dituen baliabideak hobeto aprobetxatzea eta eskualdeko herritar eta enpresei zerbitzu bateratua eta hobea eskaintzea.
-Arlo sozioekonomikoarekin loturiko politikak eta jardunak modu koordinatuan eskaintzea herritar, ekintzaile eta enpresei.
-Eremu honetako zerbitzuak ez dira bikoiztuko.
-Baliabide publikoak eraginkorrago kudeatuko dira; lokalak eta eraikinak partekatu, eta zerbitzu eta langileen kontratazioa zentralizatu ahalko da.
-Tokiko enplegu planak, ekintzaileentzako eta enpresentzako zerbitzuak eta sektoreetako foroak elkarlanean jarriko dituzte abian sei udalok.
-Ordezkari politikoez osaturiko Batzorde Kudeatzaile bat eratuko da. Udalbatza bakoitzak bina ordezkari izendatuko ditu. Honez gain, koordinazio tekniko eta administratiborako batzorde bana ere eratuko dituzte.
-Egitasmoak sei udalen urteroko ekarpenek finantzatuko dituzte. Udal bakoitzaren ekarpena, Foru Aldunditik jasotako foru-funtsaren araberakoa izango da.
-1.290.976 euro bideratuko dituzte sei udalok, eremu honetako egitasmoetara.
-Lau urteko iraupena izango du hitzarmenak, baina lehenago eten daiteke, baldin eta "sei udalek eskualdeko Garagen Agentzia edo beste mota bateko erakundea eratzea erabakitzen badute". Kasu honetan, erakunde berri honek bereganatuko ditu programak, proiektuak eta zerbitzuak.