San Marko Mankomunitateak 2017ko aurrekontuak behin betiko onartzeko hartutako erabakia Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurrituko du Usurbilgo Udalak, uztailaren 26ko osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, EAJ aurka eta PSE abstentzioa) berretsitako alkatearen dekretu bidez. Usurbilgo Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu zituzten.
San Marko Mankomunitateak apirilaren 28an hasieraz onartu zituen 2017ko aurrekontuak. Erreklamazioa aurkeztu zien Udalak, apirilaren 27ko osoko bilkuran udalbatzak hala erabakita. Mankomunitateak ordea erreklamazioa aintzakotzat hartu ez eta ekainaren 6an ia 31 milioi euroko aurrekontuok behin betiko onartu zituen. Behin betiko onarpen hau auzitara eramatea erabaki du Udalak.
Hirugarren urtez, auzitara
Hirugarren urtez jarraian, San Marko Mankomunitateak onarturiko aurrekontuak auzitara eramatea erabaki zuen Usurbilgo Udalak joan den apirilaren 27ko osoko bilkuran. Zergatia; aurreko bi urteetan bezala, baliatzen ez dituen zerbitzu eta azpiegiturengatik gainkostu bat ordaintzera behartua aurkitzen baita berriz Udala. "Bidegabea da", zioen Xabier Arregi alkateak, osoko ohiko bilkura hartan.
Zilegi iruditzen zaio gobernu taldeari, erabilitako Mankomunitateko zerbitzu eta azpiegiturengatik diru ekarpena eginaraztea Udalari, baina edukiontzien sistema duten udalerriek bilketarako baliaturikoak ordainaraztea ez. Gogoan izan, Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Hernani udalerriek osatzen dute San Marko. Hondakinen kudeaketa eredu ezberdinak ditu indarrean; udalerri batzuetan atez atekoa, besteetan edukiontzien sistema.
Apirilaren 27ko osoko bilkuran, gaia auzitegietara eraman eta Udala auzitegietan ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu ziren. Proposamena gehiengo osoz onartu zen EHBildu, eta baita, PSE-ko udal ordezkariaren aldeko bozkekin. Aurka bozkatu zuen EAJ udal taldeak. Jeltzaleek hain zuzen, auzitegietara jo aurretik negoziazioaren bidea jorratzen segitzeko eskaera luzatu zioten gobernu taldeari, politikarien lana arazoak konpontzea dela adieraziz. San Marko Mankomunitateak Usurbilgo udalerria ordainaraztera behartu nahi duen gainkostua ez zaiela egoki iruditzen gaineratu zuten. Gobernu taldetik ordea, San Markoko ordezkariek jarrera malguagoa erakustea espero zutela adierazi zuen alkateak. "Bileretan ez dugu sumatu" ordea. Adostasunera heltzeko egin beharreko saiakerak eginda, eta honetaraino iristea nahiago ez zuten arren, auzibidera jotzea "ezinbestean eman beharreko pausoa" dela gaineratu zuen Arregik.
Aipatu moduan, Udala ez da halako erabaki bat hartu beharrean aurkitzen den lehen aldia. 2014ko aurrekontuak ere auzitara eraman baitzituen. "Bizkaiko Auzitegiak arrazoia eman zigun". Ez bakarrik Usurbilgo Udalari, baita salaketa bera egin zuten Mankomunitateko beste zenbait udalei ere. Baina bestelako hondakinen kudeaketa eredua sustatzen ari diren Mankomunitate bereko udalak eta San Markok berak epai hura errekurritu ostean, alkateak apirilaren 27ko osoko bilkuran berri eman zuenez, "Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain" dira orain. Edozein kasutan, gaurkoz kaleratua dagoen epai bakarra "gure alde" dagoela gogorarazi zuten gobernu taldetik.