Erraustegiaren aurkako Kontxako giza-katearen aurkezpen prentsaurrekoa ostegunean

Noaua Aldizkaria 2017ko abu. 29a, 12:05

Urte luzez egin duten moduan, aurten ere arraun munduan preziatua den Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia ospatuko den iganderako, irailaren 10erako erraustegiaren aurka mobilizatzeko deia luzatzen diete herritarrei, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak eta Donostia Bizirik herri plataformak. Hitzordua, aipatu moduan hilaren 10erako, goizeko 11:30etan finkatu dute Donostiako Alderdi Ederren, Kontxa hondartzara jaisteko aldapa horretan bertan.

Mobilizazioa, ostegun honetan bertan, abuztuaren 31n aurkeztekoak dira, goizeko 11:00etan, leku horretan bertan, Donostiako Alderdi Ederretik Kontxa hondartzara jaisteko aldapa dagoen inguru horretan antolatu duten prentsaurrekoan. Sare sozialen bidez, bertaratzeko deia egin du Errausketaren Aurkako Mugimenduak.

Babes zabala

Iaz, giza-kate luzea osatu zuten herritarrek Kontxan, ondoko bideoan ikus dezakezuen moduan. Eragile talde zabal batek bat egin zuen erraustegiaren aurkako, alternatiba jasangarriago, garbiagoen aldeko eta gu guztion osasuna defendatzeko ekimenarekin: Errausketaren Aurkako Koordinadora, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, ESK, STEILAS, EHBildu, Ezker Anitza, Alternatiba, Podemos, Equo, Irabazi eta Duintasuna...

Mobilizazioz mobilizazio

Donostiako Klasika ospatu zen egunean errausketaren aurka mobilizatu ziren. Baita hiriburuko Aste Nagusian ere, "performania" antolatu zuten. Gaixo martxa egin zuten hainbat herritarrek Donostiako Alde Zaharretik barrena, "ez dugu gaixotu nahi" eta ziotenez. Salatu zutenez, "errausketak minbizia eta beste gaixotasun asko sortzen ditu eta ura, nekazaritzako lurra eta abeltzaintza kutsatzen du, etorkizuneko belaunaldiak hipotekatuaz".

Erraustegiko lanen bigarren fasearen tramitazio hasiera eta Zubietan erraustegirako gas hodiak sartzeko egiten ari diren lanak salatu zituzten. Eta hurrengo mobilizazio hitzordua iragarri ere bai, irailaren 10ean Kontxan egingo den giza-katea.