Abisu horia jarriko du indarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur arratsaldeko 15:00etan hasita gauerdira arte, "prezipitazio handiagatik". "EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m2 baino gehiago pilatu daiteke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Egunaren bigarren partean, Kantauri isurialdean pilatutako euria 30-40 mm baino handiagoa izango da, bereziki ekialdean", iragarri dute.
Honatx datozen ordu eta egunetarako eguraldi iragarpena:
Abuztuak 30, asteazkena
"Asteazkenean ezegonkorretik jarraituko dugu, egunaren bigarren partean batez ere. Goizetik hasita zaparradak eta ekaitzak izan daitezke han-hemenka, baina leku askotan giroa lasaiagoa izango da eta ateri eutsiko dio. Arratsaldetik aurrera, ordea, zaparradak sarriago botako ditu eta mardulagoak izango dira; zenbait kasutan txingorra ere bota dezake. Euri gehien ipar isurialdean espero dugun arren, gainerako tokietan ere prezipitazioak izango ditugu. Egunak aurrera egiten duen heinean haizea ipar-mendebaldetik finkatuz joango da eta kostaldean, gainera, indarra hartuko du azken orduetan. Eguneko tenperaturak beheranzko bidean jarraituko du eta maximoek, oro har, ez dute 25 ºC-ren muga gaindituko".
Abuztuak 31, osteguna
"Ostegunean zerua hodeitsuago egongo da ipar partean baina euria ez da hain ugaria izango. Arratsaldetik aurrera atertzera egingo du eta egunaren amaieran ostarteren bat ere zabal liteke. Nafarroa hegoaldean hodeitza saretuagoa egongo da eta ia ez da prezipitaziorik espero bertan; arratsaldean ostarteak nagusituko dira. Iparraldeko haizea ibiliko da eta Ebro Ibarrean ziertzoak indarra hartuko du, bolada gogorrekin. Tenperaturak beste koska bat egingo du behera eta maximoak ez dira 20 ºC-ra ere iritsiko hainbat tokitan; gauean ere freskatzera egingo du".
Irailak 1, ostirala
"Ostiralean giroa egonkorragoa izango da. Kostaldean euria egingo du; zaparradak botako ditu, arratsaldetik aurrera bereziki. Gainerako tokietan, berriz, ez dugu euririk espero. Iparraldean hodeiak izango ditugu lagun egun osoan, baina zenbait momentutan hodeitza saretua egongo da. Hegoaldean, aldiz, giroa eguzkitsua izango da. Ziertzoak indartsu jarraituko du Ebro Ibarrean. Tenperatura minimo freskoak izango dira barnealdean, 10 ºC azpitik geratuz. Eguneko tenperatura apur bat igo liteke hegoaldean, baina gainerakoan ez da gehiegi mugituko".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus